Maletak galtzeagatik edo berandu emateagatik jartzen diren erreklamazioak Montrealeko Hitzarmenak arautzen ditu; hitzarmen horretan zenbait berme ezartzen dira aire-konpainia guztien hegaldien erabiltzaileentzat, munduko edozein tokitan balio dutenak. Erregelamendu horren arabera, aire-konpainiek ordaindu behar dituzte bidaiariek izandako gastuak ekipajea galtzen denean edo entrega atzeratzen denean. Eta maleta 21 egunen buruan agertzen ez bada, aire-konpainiak galdutzat emanen du eta bidaiariak kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izanen du.
Horrez gain, ekipajea 21 eguneko epe horretan agertu ala ez, aukera egon daiteke beste kalte-ordain bat eskatzeko, kalte moralengatik, hain zuzen ere gorabehera horrek eragindako arazoak direla eta.
2018ko uztailaren 31n, Biarritzetik Bangkokera geldialdiak eginez zihoan hegaldia hartu zuten bi euskal herritarren kasua da. Zuricheko aireportuan beren maletak ez zirela agertzen konturatu ondoren, erreklamazioa aurkeztu zuten, baina ekipajea ez zieten bueltatu abuztuaren 7ra arte, Bangkoken. Itzulerako bidaian, bidaiarietako baten maleta ez zen agertu aireportuan, eta hiru egun geroago jaso zuen etxean.
Berriki emandako epai batean, Donostiako Merkataritza arloko 1. Epaitegiak partzialki baietsi zuen bidaiari horien demanda, ERREKLAMATUko Oscar Sánchez abokatuak aurkeztutakoa, eta aire-konpainia zigortu, eta behartu zuen ordaintzera 700 euroko kalte-ordaina, batetik, joaneko hegaldian maletak emateko atzerapenak eragindako kalte moralengatik, eta, bestetik, 90 euroko kalte-ordaina, itzulerako bidaian gertatutakoagatik. Diru kopuru hori gehitu behar zaio bidaiariek kalte materialengatik jaso zuten kalte-ordainari (498,20 euro), ekipajeak emateko atzerapena dela-eta egin behar izan zituzten gastuengatik.
Hegaldia bertan behera gelditzen bada
Zure hegaldia bertan behera utzi badute, irteerako aireportua eta aire-konpainia Europar Batasunekoak ez badira, Montrealgo Hitzarmenak arautzen du zure arazoa ere, eta kalte-ordain bat erreklamatu dezakegu kalte moralengatik, kalte materialengatik dagokizunaz gain.
Horrelako kasu bat gertatu zitzaion Euskal Herriko bidaiari bati: Air Canada aire-konpainiak ukatu zion Montreal-Londres hegaldian sartzea, Montreal-Londres-Lisboa-Bilbao ibilbidean, 2019ko abuztuaren 30ean. Berriki emandako epai batean, Bilboko Merkataritzaren arloko 2. Epaitegiak baietsi egin zuen ERREKLAMATUko Oscar Sánchez abokatuak aurkeztutako demanda, konpainia zigortu eta 350 euroko kalte-ordaina ordaintzera behartu zuen kalte moralengatik, gehi beste 938,80 euroko kalte-ordaina ematera kalte ekonomikoagatik -hartu behar izan zuen itzulerako hegaldia-, bai eta beste 96,66 euro ere egin behar izan zituen telefono deiengatik.
Bertan behera utzitako hegaldiak jatorria Europan badu, edo aire-konpainia europarrek operatutakoa bada, kalte-ordainak Europar Batasuneko erregelamendu batek arautzen ditu, eta bertan aurreikusten da kalte moralagatik ere kalte-ordaina emateko aukera. Halere, epaileek gehienetan ulertzen dute erregelamendu horretan ezarritako kalte-ordainek kalte hori ere hartzen dutela.