Loiuko aireportuaren kokapen geografikoa dela eta –itsasotik hurbil eta mendiz inguratuta baitago–, haize-bolada bortitzak sortzen dira eta, batzuetan, hegazkinen egonkortasunean eta kontrolean eragina izan dezakete lurreratzean eta aireratzean. Horrek arreta handiagoa eskatzen die pilotuei eta baldintza meteorologikoak etengabe monitorizatzen ibiltzea. Eta egoera batzuetan, haizearen intentsitate eta norabidearen arabera, zuhurrena izaten da aireratzeak bertan behera uztea edo Bilbora datozen hegaldiak desbideratzea, hurbileko beste aireporturen batean lurreratu daitezen.
Halakoetan, hegazkin-konpainiak garraio alternatiboa eskaini behar digu gure helmugara iristeko eta, beharrezkoa bada, jatekoa eta ostatua ere eman beharko digu intzidentziak irauten duen denboran. Halere, aire-konpainiak frogatzen badu hegaldia bertan behera uzteko edo desbideratzeko arrazoia haizea izan dela, ulertzen da ohiz kanpoko egoera bat dela eta ez dugu eskubiderik edukiko aire-konpainiei egotzi ahal zaizkien kasuetarako –hegaldiak bertan behera uztea edo atzeratzea– ezarrita dauden kalte-ordainak jasotzeko. Baina horretarako, haize-boladak aireratzea edo lurreratzea galarazteko bezain bortitzak izan beharko dira, eta aire-konpainiak frogatu behar du haize hori –eta ez beste ezer– izan dela hegaldia bertan behera uzteko edo desbideratzeko arrazoia.
Horrelako egoeretan, komeni da intzidentzia horretaz kontsulta egitea ERREKLAMATUko abokatu adituekin, eta bidaiariei aholkua dohainik emango diete hegaldia erreklamatzeko aukeraz. Askotan, aire-konpainiek ohiz kanpoko arrazoiak –haizea, adibidez– alegatzen dituzte hegaldiak bertan behera uzteko, baina benetako arrazoiak barruko operatibitateari dagozkio. Beste batzuetan, aldiz, aire-konpainiak ez dira gauza frogatzeko ohiz kanpoko arrazoi batengatik utzi zela bertan behera hegaldia.
Halaxe gertatu zen 2022ko ekainaren 19an, TAP konpainia portugaldarrak bertan behera utzi zuenean Bilbo-Lisboa hegaldia, 06:50etan irten behar zuena, ustez Loiuko aireportuan orduan zeuden haize-bolada bortitzengatik. Horren ondorioz, hiru bidaiari bizkaitar Madrilen eskala egin behar zuen beste hegaldi batean sartu zituzten, eta helmugara iritsi ziren hasiera batean kontratatutako bidaiaren ordua baino bederatzi ordu beranduago.
Hegaldien intzidentziek eragindako kalte-ordainak ezartzen dituen Europako Erregelamenduaren berri zutenez, bidaiariek ERREKLAMATUra jo zuten hegaldia erreklamatzeko eta kalte-ordaina eskatzeko, eskubidez zegokiena: 250 euro pertsonako, hiru ordu baino gehiagoko atzerapenagatik 1.500 kilometrotik beherako hegaldi batean.
Aire-konpainiak gertatutakoa eta hegaldia bertan behera utzi zuela onartu zuen, baina kalte-ordainik jasotzea ez zegokiela esan zuen, hegaldia bertan behera uzteko arrazoia Bilboko aireportuan zeuden haize-bolada bortitzak izan zirelako, eta hori Europako Erregelamenduaren 5.3 artikuluan ezarritako ohiz kanpoko inguruabarra delako, hitzez hitz hau esaten baitu: “hegaldi bat egiteaz arduratzen den aire-garraiolari bat ez da beharturik egongo 7.artikuluaren araberako ordaina ematera, frogatu ahal badu hegaldia bertan behera uzteko arrazoia ohiz kanpoko gertaerak izan direla, zentzuzko neurri guztiak hartuta ere ekidin ezin zitezkeenak”.
Kasu honetan, ordea, epaitegiaren iritziz ez da nahiko froga izan TAPek aurkeztutako ziurtagiria, “aire-konpainiak bere aldetik egindakoa, baina erakunde publiko batek, ENAIREk, adibidez, emandako inolako agiri bidez berretsita ez dagoena, hegaldi zehatz horretan eragina izan zuela egiaztatzeko”. Hortaz, epaiak dio kasu honetan haizea ezin dela hartu erantzukizunaz salbuesteko arrazoitzat, ez baitzen agiri bidez frogatu hegaldia bertan behera utzi zela klimaren inguruabarrak okerrak zirelako.
Horregatik guztiagatik, Bilboko Lehen Auzialdiko 1. epaitegiak ERREKLAMATUko bezeroen demanda baietsi du eta TAP zigortu du 250 euroko kalte-ordaina ematera bidaiari bakoitzari. Horrenbestez, bertan behera utzitako hegaldi horretako bidaiari guztiek izango lukete eskubidea kalte-ordaina kobratzeko. Horretarako, ERREKLAMATUrekin harremanetan jarri eta erreklamazioa tramitatuko beharko lukete.
Argazkia: Hugh Llewelyn