Hegazkin-konpainien okerreko hamar praktika hauek eragina izan dezakete zure oporretan

Hegazkin txartel bat erosten dugunean, hegazkin-konpainiek beren gain hartzen dute gure destinora kontratutako egun eta orduan eramateko konpromisoa. Hala ere, ez da beti hala gertatzen, batzuetan ezinbesteko arrazoiengatik (pandemiak, denboraleak…), eta beste batzuetan konpainiak saiatzen direlako beren etekinak handitzen bidaiarien eskubideak zapalduz. Jon Ortiz ERREKLAMATUko abokatuak aire-konpainien okerreko praktika ohikoenak azaltzen ditu artikulu honetan, bai eta kasu bakoitzean dauzkagun eskubideak ere.

1.- Hegazkin-konpainiak zure hegaldia aurreratu edo atzeratzen du, bidaia baino aste batzuk lehenago

Gero eta ohikoagoa da: bidaia baino aste batzuk lehenago jakinarazten dizute zure hegaldia aurreratu edo atzeratu dela egun bat edo batzuk, eta erabaki behar duzu aldaketa onartzen duzun edo hegaldia bertan behera uzten duzun. Bigarren kasuan, txartelaren dirua itzuliko dizute. Baina, ziurrenik, ordurako erreserbaturik izango dituzu bidaiaren gainerako kontuak. Bidaia baino 15 egun lehenago abisatuz gero, ez duzu eskubiderik kalte-ordainik jasotzeko.

2.- Hegazkin-konpainiak zure hegaldia bertan behera uzten du

Zure hegaldia bertan behera utzi baldin badute, edozein dela ere arrazoia, eskubidea duzu txartelaren dirua itzuli edo garraiobide alternatibo bat jar diezazuten, zure destinora lehenbailehen eramango zaituena, edo bestela zuk erabakitzen duzun datan eta kontratatua zenuen zerbitzuaren antzeko baldintzetan. Gorabehera konpondu arte ostatua eta mantenua ere eskaini beharko dizute, beharrezkoa denean. Horrez gain, hegaldia bertan behera uzteko arrazoia hegazkin-konpainiari egotzi ahal baldin bazaio – ohiz kanpoko egoera batengatik gertatu ez bada- eskubidea duzu kalte-ordain ekonomikoa ere jasotzeko, hegaldiaren distantziaren araberakoa:

• 1.500 km baino gutxiago: 250€ bidaiari bakoitzeko.
• 1.500 eta 3.500 km artean: 400€ bidaiari bakoitzeko.
• 3.500 km baino gehiago: 600€ bidaiari bakoitzeko.

3.- Zure hegaldia atzeratuta iristen da

Hegaldi askotan gertatzen dira atzerapenak, eta horrek traba handiak sor ditzake bidaiarientzat. Zure hegaldiak hiru ordu baino gehiagoko atzerapena baldin badu, hegazkin-konpainiak kalte-ordaina eman beharko dizu, hegaldiaren distantziaren araberakoa eta hegaldia bertan behera uzten denean ematen dena adinakoa. Atzerapenaren ondorioz hurrengo hegaldia galtzen baduzu, eskubidea duzu hegazkin-konpainiak garraio alternatibo bat jartzeko eta ostatu eta mantenu gastuak ordaintzeko.

4.- Ez dizute informaziorik ematen zure eskubideez

Hegaldi bat bertan behera uzten badute edo hiru ordu baino gehiagoko atzerapena baldin badu, hegazkin-konpainiak orri bat eman behar die kaltetutako bidaiariei, konpentsazio eta laguntzaren gaineko arauak zehazten dituena. Baina batzuetan ez dutenez hala egiten, komeni da zure eskubideak zein diren jakitea eta, zalantzarik baduzu, doako kontsulta bat egitea ERREKLAMATUn.

5.- Ez dizute hegazkinean sartzen uzten overbooking-a dela eta

Overbooking deitzen dena hegazkin-konpainia batek hegazkineko tokiak baino txartel gehiago saltzen dituenean gertatzen da. Horrelakoetan, bidaiari batzuek lurrean gelditu behar dute. Overbooking-ak kaltetutako bidaiariek hegaldia bertan behera uzten den kasuko eskubide berberak dituzte: txartelaren prezioa itzultzea edo destinorako hegaldi alternatiboa eta gorabeherak eragindako gastu guztiak ordaintzea. Eskubidea dute, era berean, hegaldiaren distantziaren araberako kalte-ordain bat jasotzeko.

6.- Hegazkin-konpainiak ez du hegaldi alternatiborik ematen

Hegaldia bertan behera gelditzen bada, edo overbooking-a edo atzerapena gertatzen bada eta, horren ondorioz, loturako hegaldi bat galtzen baduzu, hegazkin-konpainiak beste hegaldi bat eman behar dizu hurrengo orduetan. Batzuetan, ordea, ez du betebehar hori betetzen, edo eskaintzen dizun hegaldia ez da egokia zure destinora iristeko. Halakoetan, zerorrek bilatu beharko duzu garraio alternatibo bat, baina gero kalte-ordaina eman beharko dizute bertan behera utzi zuten hegaldiagatik eta zuk erositako garraioaren kostua ere ordaindu beharko dizute.

7.- Hegazkin-konpainiak ez dizu arretarik ematen hegaldia bertan behera utzi duenean edo atzerapena dagoenean

Batzuetan aireportu batean ez atzera ez aurrera geldituko gara hegaldia bertan behera utzi dutelako edo atzeratu delako. Eta halakoetan, zenbaitetan, hegazkin-konpainiak ez du bere betebeharra betetzen, hau da, gorabeherak dirauen bitartean guri arreta ematea. Hori gertatuz gero, ostatu, mantenu eta aireporturako joan-etorrien garraio gastuak zeuk ordaindu beharko dituzu, baina faktura guztiak gorde, hegaldiarekin batera gastu horien itzulketa ere erreklamatu ahal duzulako.

8.- Hegaldi-txartelaren itzulketaren ordez bidaia-bonuak eskaintzen dizkizute

Hegazkin-konpainia batek zure hegaldia bertan behera uzten badu, eta txartelaren dirua itzultzea aukeratzen baduzu, hurrengo zazpi eguneko epean ordaindu behar dizute. Baina batzuetan hegazkin-konpainiek erabiltzaileei iruzur egiten saiatzen dira esanez txartelaren dirua ezin dela bueltatu, eta horren ordez bonuak eskaintzen dituzte, aurrerago bidaiatzeko. Ez gaude inola ere behartuta bonu horiek onartzera.

9.- Ez dizute txartelaren dirua itzultzen bidaia-agentzia batean erosi duzulako

Hegaldi bat bertan behera uzten dutenean, hegazkin-konpainiek txartelen dirua ez itzultzeko jarri ohi duten beste aitzakia bat da bitartekaria den bidaia-agentzia batean erosi duzula txartela. Baina ez da horrela, kasu horretan eskubide berberak dauzkazu, eta hegazkin-konpainiak txartelen prezio osoaren kalte-ordaina eman beharko dizu.

10.- Hegazkin-konpainiak zure ekipajea galdu du

Zure maleta agertu ez bada ekipajeen zintan, bi gauza gerta daitezke: handik egun batzuetara berreskuratzea edo betirako galtzea. Bi kasuetan erreklamazioa jar daiteke. Zure gauzak agertzen ez diren bitartean beste gastu batzuk egin beharko dituzu: higieneko produktuak, jantziak… Gorde itzazu tiket eta faktura guztiak, diru hori erreklamatu ahal izanen dugu eta. Maleta ez bada agertu 21 egunen buruan, konpainiak galdutzat emango du eta eskubidea izango dugu kalte-ordaina eskatzeko. Horretarako, zerrenda bat prestatu beharko duzu maletan zenuen guztiarekin, produktu bakoitzaren marka, modeloa eta erosketaren urtea adierazita.

Aurreko kasu guztietan, araudiak erabiltzaileak babesten ditu, inongo zalantzarik gabe, baina hegazkin-konpainiak batzuetan saiatzen dira beren erantzukizunari iskin egiten eta, beraz, edozein gorabehera gertatuz gero komeni da kasua profesionalen eskuetan uztea. ERREKLAMATUn kontsulta eta argibideak doakoak dira, eta azkenean zure erreklamazioa kudeatu behar badugu, irabazten badugu baizik ez dugu kobratuko, zuretzat lortzen dugunaren %25, zehazki. Deitu gurera, eta gu arduratuko gara jaso ditzazun zureak diren kalte-ordainak.

Jon Ortiz, ERREKLAMATUko abokatua

Kontsultatu doan

Gure abokatu adituek zure kasua aztertuko dute eta zure erreklamazioaren bideragarritasunari buruzko informazioa emango dizute. Eman zure datuak, eta zurekin harremanetan jarriko gara aholku emateko.

Barroeta Aldamar kalea 6.
3º derecha – derecha
48001 BILBO – Bizkaia

EUS Consulta GRATIS (#10)

* Nahiago baduzu, dei dezakezu zuk telefono honetara: 944 027 596 (astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18.00etara), edo mezu bat bidali helbide honetara: info@erreklamatu.com

Azken albisteak