Aire-konpainia batek zure hegaldia bertan behera uzten badu, dela Covid-19aren ondorioz dela beste edozein arrazoirengatik, eskubidea duzu beste garraiobide bat eskaintzeko edo txartelaren dirua itzultzeko, bi aukeretatik zuk nahi duzuna. Pandemiaren hasieratik bertatik, ia aire-konpainia guztiek erabaki zuten bezeroei bonuak eskaintzea bertan behera utzitako hegaldi kopuru handiari aurre egiteko, bonu horiekin hegaldiak har ditzaten aurrerago, urtebeteko epean, oro har. Bezeroek erreklamatu dutenean eskubidea dutela txartelaren dirua itzultzeko, aire-konpainiaren erantzuna maiz izan da txartelaren prezioa ezin dela itzuli. Gauzak horrela, bidaiari askok jo dute abokatuen bulegoetara, ERREKLAMATUra, kasu, aire-konpainiei demanda jarri eta dirua berreskuratzeko. Eta lortzen ari gara ia kasu guztietan.
Hegaldia bidaia-agentzia batekin kontratatu dugunean ere eskubidea dugu txartelaren kostu osoa itzultzeko, baina aire-konpainiak trikimailuak erabiltzen ari dira ordainketa saihesteko.
Batzuetan, agentziek eskaintzen dute hegaldiaren diruaren %70 itzultzea, edo antzeko kopuru bat, baina ez dugu onartu behar horrelako akordiorik, zeren, hegaldia erreklamatuz gero, diru guztia itzultzeko eskubidea baitugu.
Gurera ere iristen ari dira horrelako kasu asko: konpainiek uko egiten diote dirua itzultzeari, esanez erreserba bidaia-agentzia baten bidez egin zela. Baina erreklamazioak egin ondoren, azken aste hauetan epai batzuk jaso ditugu, aire-konpainiak behartzen dituztenak erabiltzaileei txartelaren diru guztia itzultzera.
Hiru epai aste gutxitan
Kasu horietako bat da hiru bilbotarrena. Bilbo – Río de Janeiro hegaldi bat erosi eta 1.988,99 € ordaindu zuten, eta ondoren Covid-aren ondorioz bertan behera geratu zen. Bost gipuzkoarrek ere 1.170 euro berreskuratu dituzte, martxoan bertan behera utzitako Madril – New York hegaldienak. Eta azken epaia: Bilboko bidaiari batek 369,28 euro berreskuratuko ditu, hilabete horretan Covid-a zela-eta bertan behera utzitako Dakar – Bilbo hegaldi batenak.
Aipatutako kasu guztietan, konpainia berak, Tap Air Portugal-ek, uko egin zion txartelen dirua itzultzeari, esanez hegaldiak bidaia-agentzia baten bidez erosi zirela. Epai hauekin eta aurreko beste askorekin, ordea, epaitegiek berretsi dute kasu horretan ere ez dela bete bidaiariaren eta aire-konpainiaren arteko kontratua, tartean agentzia bat badago ere.
Epai horiek eman ondoren, bidaiariek jasotzen dute txartelen truke ordaindutako diru guztia, bidaia agentziaren komisioa barne.