Bertan behera utzitako hegaldiak, atzerapenak, overbookinga… Zein dira zure eskubideak?

Gorabehera asko gerta daitezke hegaldi bat kontratatzen dugunean, eta aireko konpainia gutxik konpontzen dituzte arazoak azkar eta ongi. Horregatik, garrantzitsua da zure eskubideak ezagutzea eta dagokizuna erreklamatzea. ERREKLAMATUn, kontsulta eta argibideak doakoak dira.
Closeup Hand Holding The Luggage Over The Flight Board For Check

Bertan behera utzitako hegaldiak, atzerapenak, overbooking-ak, maleta galduak… Halakoak suertatuz gero, zer egin? Eta nola erreklamatu hegaldia kalte ordaina jasotzeko?

1.- Hegaldia bertan behera uztea

Zure hegaldia bertan behera utzi baldin badute, edozein dela ere arrazoia, eskubidea duzu txartelaren dirua itzuli edo garraiobide alternatibo bat jar diezazuten, zure destinora lehenbailehen eramango zaituena, edo bestela zuk erabakitzen duzun datan eta kontratatua zenuen zerbitzuaren antzeko baldintzetan. Txartelaren dirua itzultzea aukeratzen baduzu, aireko konpainiak zazpi eguneko epea du horretarako. Beharbada bonuak eskainiko dizkizute aurrerago bidaiatzeko, baina ez zaude behartuta horiek onartzera.

Batzuetan, hegaldia bertan behera uztearen ondorioa da aireportuan ez atzera ez aurrera gelditzea. Halakoetan aireko konpainia zutaz arduratu behar da gorabeherak irauten duen bitartean, hau da, edatekoa, jatekoa, ostatua eta aireporturako garraioa eman behar dizute, zure destinora hegaldi alternatibo batean irits zaitezen. Hala ez bada eta bakarrik moldatu behar bazara, gorde itzazu gastu guztien fakturak, erreklamatu ahal izango dituzulako.

Horrez gain, hegaldia bertan behera uzteko arrazoia aireko konpainiari egotzi ahal baldin bazaio -ez bada gertatu ohiz kanpoko egoera batengatik, epidemia bat edo denborale bat, esate baterako- eskubidea duzu kalte-ordain ekonomikoa ere jasotzeko, hegaldiaren distantziaren araberakoa. Eta hegaldia agentzia bitartekari baten bidez erosi baduzu, eskubide berberak dituzu: aireko konpainiak txartelen diru guztia adinako kalte-ordaina eman behar dizu.

Araudiak erabiltzaileak babesten ditu, inongo zalantzarik gabe, baina aireko konpainiak beti saiatzen dira beren erantzukizunari iskin egiten eta, beraz, edozein gorabehera gertatuz gero komeni da kasua profesionalen eskuetan uztea. ERREKLAMATUn kontsulta eta argibideak doakoak dira, eta azkenean zure erreklamazioa kudeatu behar badugu, irabazten badugu baizik ez dugu kobratuko, zuretzat lortzen dugunaren %25, zehazki. Deitu gurera, eta gu arduratuko gara jaso ditzazun zureak diren kalte-ordainak.

2.- Overbooking

Overbooking deitzen dena, hegazkinean sartzea ukatzea alegia, aire-konpainia batek hegazkineko tokiak baino txartel gehiago saltzen dituenean gertatzen da. Horrelakoetan, bidaiari batzuek lurrean gelditu behar dute. Hori egitea legezkoa bada ere, eragozpen larriak eragiten dizkie bidaiari horiei, eta kalte-ordain ekonomikoa jasotzeko eskubidea dute.

Hasteko, konpainiak boluntarioak bilatuko ditu: hurrengo hegaldi batean bidaiatzeko prest dauden pertsonak, onura baten truke, adibidez, hegan egiteko abonuak, esku-dirua edo lehen mailako eserlekuak. Boluntarioa izatea onartzen baduzu, kontuan hartu horrekin uko egiten diozula gerora kalte-ordaina jasotzeko aukerari, eta aire-konpainiarekin adosten duzun guztia idatziz jasotzen saiatu beharko zara.

Bidaiarien artean boluntariorik ez badago, edo sobran saldutako txartelak konpentsatzeko adina ez badira, konpainiak erabaki dezake behar den pertsona kopuruak ez duela hegaldia hartuko, eta horiek aukeratuko ditu irizpide guztiz subjektiboak edo ausazkoak erabiliz.

Nahi gabeko overbooking kasu hauetan, hegaldia erreklamatu behar duzu dagokizun kalte-ordaina lortzeko. Hasteko, lurrean gelditzen bazara, ziurtatu gertatu den guztia idatziz jasotzen dela. Horretarako, aireko konpainiak aireportuan duen informazio-mahaira jo, edo, ez badu, AENAren argibide-mahaietara edo aireko agintari eskudunetara, eta bertan eskatu agiri bat, overbooking-aren ondorioz hegaldia hartzerik izan ez duzula frogatzen duena.

Overbooking-ak kaltetutakoen eskubideak hegaldia bertan behera uzten denean dituzten berberak dira: txartelaren dirua itzultzea edo hegaldi alternatiboa jartzea destinora, bai eta gorabeherak eragindako gastuak ordaintzea ere. Eta eskubidea dute, halaber, kalte-ordain bat jasotzeko, hegaldiaren distantziaren araberakoa:

  • 1.500 km baino gutxiago: 250€ bidaiari bakoitzeko.
  • 1.500 eta 3.500 km artean: 400€ bidaiari bakoitzeko.
  • 3.500 km baino gehiago: 600€ bidaiari bakoitzeko.

Overbooking-aren ondorioz hegazkinean sartzea ukatu badizute, guk egingo ditugu behar diren kudeaketa guztiak aire-konpainiarekin, dagokizun kalte-ordaina jaso dezazun.

3.- Atzerapena

Zure hegaldiak hiru ordu baino gehiagoko atzerapena badu, eskubidea duzu diru-ordain bat jasotzeko. Atzerapena kalkulatzeko, hegazkina iritsi den ordua da lurreratu ondoren ateak zabaldu dituzten unea. Hegazkina aurreikusitako ordua baino hiru ordu beranduago iristen bada, aireko konpainiak kalte-ordaina eman behar dizu, haren zenbatekoa hegaldiaren distantziaren arabera kalkulatuz, hegaldia bertan behera uzten dutenean edo overbooking-a dagoenean bezalaxe.

Atzerapenagatik galtzen baduzu hurrengo hegaldia, eskubidea duzu garraio alternatibo bat jartzeko eta aireko konpainiak bere gain hartzeko mantenu eta ostatu gastuak.

Zenbateko horiek Europar Batasunak ezarri ditu, eta nahitaez bete beharrekoak dira munduko edozein tokitan, baldin eta aireko konpainiak Europan badu egoitza. Egoitza beste kontinente batzuetan dituzten konpainien kasuan kalte-ordain horiek aplikatzen dira hegaldia Europatik abiatu baldin bada.

4.- Ekipajea galtzea

Zure maleta agertu ez bada ekipajeen zintan, bi gauza gerta daitezke: handik egun batzuetara berreskuratzea edo betirako galtzea. Bi kasuetan erreklamazioa jar daiteke. Horretarako, arazo hauetaz arduratzen den mahaira joan, eta Property Irregularity Report (PIR, Ekipajearen Irregulartasunen Agiria) bete ezazu, adieraziz zure bizilekua edo ostatu lekua, ekipajea agertzen bada bertara bidaltzeko.

Oso garrantzitsua da PIR horren kopia gordetzea geroago erreklamazioak egiteko. Eta ez galdu ekipajearen taloia ere, ez da ezinbestekoa, baina ongi etorriko zaigu erreklamaziorako. Ez eman aireko konpainiari, eta, eskatzen badizute, argazki bat atera telefonoarekin.

Horrez gain, zure gauzak agertzen ez diren bitartean beste gastu batzuk egin beharko dituzu: higieneko produktuak, jantziak… Gorde itzazu tiket eta faktura guztiak, diru hori erreklamatu ahal izanen dugu eta.

Maleta ez bada agertu 21 egunen buruan, konpainiak galdutzat emango du eta eskubidea izango dugu kalte-ordaina eskatzeko. Horretarako, zerrenda bat prestatu beharko duzu maletan zenuen guztiarekin, produktu bakoitzaren marka, modeloa eta erosketaren urtea adierazita. Dei iezaguzu eta gu arduratuko gara kalte-ordaina jaso dezazun.

Kontsultatu doan

Gure abokatu adituek zure kasua aztertuko dute eta zure erreklamazioaren bideragarritasunari buruzko informazioa emango dizute. Eman zure datuak, eta zurekin harremanetan jarriko gara aholku emateko.

Barroeta Aldamar kalea 6.
3º derecha – derecha
48001 BILBO – Bizkaia

EUS Consulta GRATIS (#10)

* Nahiago baduzu, dei dezakezu zuk telefono honetara: 944 027 596 (astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18.00etara), edo mezu bat bidali helbide honetara: info@erreklamatu.com

Azken albisteak