Zure hegaldian arazoak izanez gero kalte-ordainik gabe utz zaitzaketen 10 akats

Eguberri garaia urteko aire-trafiko handienetakoa izaten da eta, horrekin batera, atzerapenak, bertan behera utzitako hegaldiak eta ekipajearekin lotutako arazoak ugaritzen dira. Europako araudiak bidaiarien eskubideak argi babesten baditu ere, askok dagokien kalte-ordaina galtzen dute, saihesteko moduko akatsak direla eta. Jon Ortiz Larruzea ERREKLAMATUko abokatuak hamar akats ohikoenak aztertzen ditu artikulu honetan; izan ere, horien ondorioz, bidaiari askok ez dute azkenean jasotzen eskubidez dagokien kalte-ordaina.

1. Hegazkinean sartzeko txartela (boarding pass) goizegi botatzea

Hegazkineratzeko txartela da bidaiaria kasuko hegaldian zegoela frogatzeko dokumentu nagusia. Hura gabe askoz zailagoa da gertatuta gorabehera egiaztatzea, are gehiago aire-konpainiak oinarrizko datuak zalantzan jartzen dituenean. Jende askok etxera iristean botatzen du, jakin gabe erreklamazioa aurkeztean eskatu ohi den lehen agiria dela.

2. Aireportuan hondatutako edo galdutako ekipajea ez dokumentatzea

Ekipaje hondatua, galdua edo berandu entregatutakoa erreklamatzeko, ezinbestekoa da aireportuan bertan PIR bat (Ekipajearen Gorabehera Txostena) betetzea. Agiri hori gabe, aire-konpainiak besterik gabe ukatu dezake erreklamazioa. Ekipaje hondatua denean, komeni da une horretan bertan argazkiak ateratzea ere, gertatutakoa frogatzeko baliagarri izango direlako.

3. Destinora iristean atzerapena ez egiaztatzea

Europako araudiak argi aitortzen du bidaiaria bere destinora hiru orduko edo gehiagoko atzerapenarekin iristen bada kalte-ordaina jasotzeko eskubidea duela. Gakoa ez da irteera-ordua, baizik eta destinora zer ordutan iristen den. Maiz gertatzen da hegaldia ordubeteko edo bi orduko atzerapenarekin aireratzea, baina azkenean hiru ordu baino gehiagoko atzerapenarekin lurreratzea; eta horrek aktibatzen du konpentsaziorako eskubidea. Aire-konpainiek gehienetan ez dutenez datu hori nabarmentzen, bidaiari asko ez dira konturatzen, eta dagokien kalte-ordainari uko egiten diote jakin gabe.

4. Balio-txartelak edo deskontu-bonuak onartzea, horrek kalte-ordainari uko egitea dakarrela ulertu gabe

Gorabehera gertatu ondoren, aire-konpainiek askotan bonuak edo deskontuak eskaintzen dituzte berehala. Arazoa da horiek onartuz gero bidaiariak kalte-ordain ekonomikoari uko egiten diola. Erabakia atzera-ezina da eta, askotan, legez dagokion benetako kalte-ordaina baino askoz txikiagoa izaten da.

5. Dirua itzultzeak edo beste hegaldi bat onartzeak kalte-ordaina jasotzeko eskubidea kentzen duela pentsatzea

Bidaiari askok uste dute, oker uste ere, haien hegaldia bertan behera geratu ondoren, dirua itzultzea edo ordezko hegaldia onartzen badute uko egiten diotela kalte-ordaina jasotzeari. Baina bi eskubide desberdin dira: diru-itzulketak edo hegaldia ordezkatzeak garraio arazoa konpontzen dute, eta kalte-ordain ekonomikoa dagokio bidaiariari destinora hiru orduko atzerapenarekin iristen bada. Gaizki-ulertu hori dela eta, bidaiari askok ez dute eskatzen legeak aitortzen diena.

6. Overbooking-a dagoenean kalte-ordaina ez eskatzea

Overbooking-a gertatzen denean, hau da, bidaiariari hegazkinean sartzea ukatzen zaionean, txartel gehiegi saldu direlako, bidaiariak dituen eskubideak hegaldia bertan behera uzten denean dituenak dira: dirua itzultzea edo garraio alternatiboa aukeratu dezake eta, gainera, konpentsazio ekonomikoa jasotzeko eskubidea du. Baina bidaiari askok ez dakite konpentsazio hori eskubide gehigarri eta independentea dela, eta horregatik askotan ez dute eskatzen.

7. Hegaldia bertan behera utzi dela gutxienez 14 egun lehenago jakinarazten ez bada, konpentsaziorako eskubidea dagoela ez jakitea

Hegazkin-konpainia askok ez dute hori argi azaltzen, baina hegaldia bertan behera utzi dela ez bada jakinarazten gutxienez bi aste lehenago, bidaiariak, oro har, konpentsazio automatikoa jasotzeko eskubidea du, dirua itzultzeaz edo hegaldirik alternatiboaz gain. Puntu hau ez da batere ezaguna, eta urtero konpentsazio asko galtzea eragiten du.

8. Gorabeheraren ondoriozko gastuak ere itzuli behar direla ahaztea

Kalte-ordaina jasotzeko eskubidea egon edo ez, gertatutako arazoaren ondoriozko gastu arrazoizkoak -otorduak, hotela, garraioa edo gau gehiago ematea- itzuli behar zaizkio bidaiariari. Bidaiari askok beren poltsikotik ordaintzen dituzte, eskubide hori ez dutelako ezagutzen.

9. Aire-konpainiaren “egoera ezohikoen” azalpena egiazkotzat ematea

Konpainiak konpentsazioa ordaintzea saihestu nahi duenean, maiz erabiltzen du aitzakia moduan “egoera ezohikoak” gertatu direla. Baina azalpen hori ez da beti egiazkoa, ezta nahikoa ere: konpainiak frogatu behar du gertatutakoa saihestezina zela eta bere jardueratik kanpokoa. Azalpena egiaztatu gabe onartzeak bidaiari askok konpentsazioari uko egitea dakar, benetan jasotzeko eskubidea izan arren.

10. Ez erreklamatzea “ez duela merezi” edo “konpainiak inoiz ez duela ordaintzen” pentsatuta

Hau da akats ohikoenetako bat. Askotan, konpentsazioa lortzen da bidaiaria tematzen denean, frogak aurkezten dituenean edo bide formaletara jotzen duenean. Esperientziak erakusten du hasierako ezezko batek ez duela esan nahi erreklamazioa bideragarria ez denik.

ERREKLAMATUn hamar urte baino gehiago daramatzagu aire-konpentsazioak kudeatzen, eta milaka bidaiariri lagundu diegu legeak aitortzen dien dirua berreskuratzen. Aditu-talde espezializatua dugu, eta doako azterketa egiten du kasu bakoitzean, konpentsaziorako eskubidea dagoen ala ez zehazteko. Hegaldian edozein arazo izanez gero -atzerapenak, bertan behera utzitako hegaldiak, overbookinga edo ekipajearekin lotutako gorabeherak-, gure abokatuek dokumentazioa begiratzen dute konpromisorik gabe, kasuaren bideragarritasun juridikoa baloratzen dute eta egin beharreko pausoak argi azaltzen dituzte.

Kontsultatu doan

Gure abokatu adituek zure kasua aztertuko dute eta zure erreklamazioaren bideragarritasunari buruzko informazioa emango dizute. Eman zure datuak, eta zurekin harremanetan jarriko gara aholku emateko.

Barroeta Aldamar kalea 6.
3º derecha – derecha
48001 BILBO – Bizkaia

EUS Consulta GRATIS (#10)

* Nahiago baduzu, dei dezakezu zuk telefono honetara: 944 027 596 (astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18.00etara), edo mezu bat bidali helbide honetara: info@erreklamatu.com

Azken albisteak