Bilboko Lehen Instantziako 12. epaitegiak Vueling zigortu du 13.500 eurotik gorako kalte-ordaina ematera 12 bidaiarik osatutako talde bati, airelineak haien hegaldia bertan behera utzi baitzuen, aurrez abisurik eman gabe eta egun bererako zentzuzko alternatibarik eskaini gabe. Epaitegiak onartzen du, batetik, Europako araudiak ezarritako konpentsazio estandarra eta aparteko gastuen itzulketa, eta, bestetik, aparteko izaeraz, beste kalte-ordain bat eman beharra kalte moralengatik.
Bidaiariak Bizkaiko profesional batzuk ziren, Kanaria Handiko Las Palmasera, biltzar batera, joateko hegaldi bat kontratatu zutenak 2023ko urriaren 24rako, Bilbotik Kanaria Handira Bartzelonan eskala eginda. Baina Bilbo-Bartzelona hegaldia (VY1431) bertan behera gelditu zen aurrez abisurik eman gabe, eta 12 pertsona horiek aireportuan utzi zituzten informaziorik, laguntzarik eta soluziorik gabe destinora iristeko.
Demandaren egileek kexa egin zioten orduan Vueling konpainiari, egun bererako garraiobide alternatibo bat eskatuz, baina aire konpainiaren proposamen bakarra hurrengo eguneko hegaldi bat hartzea izan zen, eta horrekin ezinezkoa zen biltzarrera iristea. Hori ikusita, hegaldien dirua itzultzea eskatu zuten bidaiariek, baina aire konpainiak ez zuen halakorik egin.
Gauzak horrela, kaltetutako bidaiariak harremanetan jarri ziren ERREKLAMATUrekin, hegaldien inguruko erreklamazioetan espezializatutako Bilboko bulego juridiko bat baita, kasua modu kolektiboan onartu eta denen izenean demanda bateratu bat aurkez zezan.
13.500 euro baino gehiago guztira: konpentsazioa, gastuak eta kalte morala
Epaiak demanda egileen eskaera guztiak baiesten ditu. Guztira, honako hauek ordaindu beharko ditu Vuelingek:
- 4.800 euro, konpentsazioa hegaldia bertan behera uzteagatik (400 € pertsona bakoitzeko).
- 2.960,65 euro, aparteko gastuengatik, hala nola erabili gabeko hotelak (2.917 €), taxiak (30 €) eta jan-edanak (12 €).
- 3.706,79 euro, erabili gabeko bidaia-txartelen itzulketa.
- 2.400 euro, kalte moralengatik, 200 € bidaiari bakoitzeko.
Horrez gain, epaitegiak konpainia zigortzen du lege interesak ordaintzera, lehenengo erreklamazio estrajudizialetik hasita, bai eta kostu judizialak ere.
Kalte moralaren garrantzia: mugarri nabarmena
Kasu honen alde azpimarragarriena da epaitegiak kalte-ordain osagarri bat onartzen duela materialak ez diren kalteengatik, ez baita oso ohikoa prozedura mota honetan. ERREKLAMATUk, bere argudioetan, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren eta Auzitegi Gorenaren doktrina aipatu zuen, aintzat har zedin ezen kalte-ordaina jasotzeko moduko kaltetzat hartu behar direla bidaiariek sufritutako ondoez emozionala, estresa eta frustrazioa –informazio faltak, tratu arduragabeak eta profesionalen arteko topaketa galtzeak eragindakoak–.
Demandan salatzen zen bizi izan zuten egoera “kalbarioa” izan zela kaltetuentzat, “arreta ezin txarragoa jaso” zutela eta babesgabe utzi zituztela erabat. Aipatzen da, halaber, Vuelingek eskainitako garraio zerbitzua eman zela “bidaiarien beharrak ezertarako kontuan hartu gabe”.
Epai honen funtsezko ikasgaiak
- Hegaldia bertan behera uzteagatik, konpentsazioa automatikoa da ez badizute 14 egun lehenago abisurik ematen, baldin eta ez bada aparteko egoera bat, airelineak gorabehera justifikatzeko erabil dezakeena (sekulako baldintza klimatologiko txarrak, aire konpainiakoak ez diren langileen greba…).
- Eskubidea duzu bidaia-txartelaren dirua itzultzeko edo zure destinora iristeko garraiobide alternatibo bat emateko. Eta erreklamatu ditzakezu, halaber, justifikatu ditzakezun gastu guztiak (horretarako, ezinbestekoa da ordainagiri edo faktura guztiak gordetzea).
- Kalte moralak ere erreklamatu ditzakezu, batez ere frogatu badezakezu kalte emozionala edo profesionala gertatu dela.
- Erreklamatzeko epea 5 urtekoa da gorabehera gertatzen denetik hasita. Azken 5 urteotan gertatu bada (hegaldia bertan behera uztea nahiz atzerapena), erreklamatzeko garaiz zaude.