Voloteak irailaren 23an iragarri zuen zorra berregituratzeko negoziatzen ari dela hartzekodunekin, eta, jakin denez, negoziazio horiek hasi dituela jakinarazi dio Bartzelonako Merkataritza Arloko 9. Epaitegiari: horixe da aurrekonkurtsoa deritzona. Aire-konpainiak erregaiaren garestitzeari egozten dio egoera —150 milioi euro inguruko eragina izan duela dio—, eta abenduan akordioa ixtea espero du. Argitaratu denez, 356 milioi euro inguruko zorra du, eta horietatik 200 SEPIren mailegu bati dagozkio.
Planaren arabera, flota txikituko du —44 hegazkinetik 30-35era—, eta 50 lanpostu inguru kenduko ditu Bartzelonako bulegoetan. Konpainiak dio “normaltasunez hegan egiten” jarraitzen duela eta txartelak saltzen ari dela, eta ez du iragarri Bilboko basea itxiko duenik.
Volotea 2012tik ari da Loiun lanean, eta bi hegazkineko basea du han. 2026rako ia 730.000 eserleku eta bost herrialdetarako 21 ibilbide iragarri zituen, Bizkaiko aireportuan inoiz izan duen eskaintzarik handiena. Hondarribitik eta Gasteiztik ere egiten ditu hegaldiak.
Lehen murrizketak iritsi dira dagoeneko. Jakin denez, konpainiak bertan behera utzi ditu Bilbo eta Venezia arteko azaroko hegaldiak, eta “arrazoi operatiboak” aipatuta ari da horren berri ematen kaltetuei; hegaldia doan aldatzeko edo dirua itzultzeko aukera eskaintzen die. Oraingoz, horiek dira Bilbon baieztatutako ezeztapen bakarrak, baina oraindik argitu gabeko egutegi-aldaketak ere agertu dira Coruñarako, Kanaria Handirako, Marrakexerako eta Portorako ibilbideetan. Bilbotik kanpo, azaroko hegaldi jakin batzuk bertan behera geratu dira Gasteiz eta Bartzelona artean, eta Asturiasen hiru ibilbide eten dituzte aldi baterako: Madril, Mallorca eta Fuerteventurakoak.
Zer eskubide dituzu txartela dagoeneko erosita baduzu?
“Aurrekonkurtsoa ez da porrota, eta ez du hegaldirik bertan behera uzten. Volotearen txartela duenak duela hilabete zituen eskubide berberak ditu gaur, eta aire-konpainiak, betebehar berberak”, azaldu du Jon Ortiz ERREKLAMATUko abokatuak.
Hegaldiak aurrera jarraitzen badu, txartelak balio du eta ez dago izapiderik egin beharrik. Ortizek ez du gomendatzen txartela norberaren kabuz bertan behera uztea: “Bere kabuz ezeztatzen duenari tarifaren baldintzak aplikatuko zaizkio, eta galdu egingo du konpainiak berak ezeztatuz gero izango lukeen babesa”.
Voloteak hegaldia bertan behera uzten badu, Europako 261/2004 Erregelamendua aplikatzen da. Bidaiariak bi aukera ditu: txartelaren diru osoa zazpi eguneko epean itzultzea, edo helmugarako ordezko garraioa, ahalik eta lasterren edo komeni zaion beste egun batean. “Bidaiariak aukeratzen du, ez konpainiak. Eta itzulketa dirutan egin behar da: inor ez dago bonu bat onartzera behartuta”, nabarmendu du abokatuak. Ordezko garraioak, gaineratu duenez, ez du zertan Volotearen beraren hegaldietara mugatu, konpainiak arrazoizko aukerarik ez badu.
Kalte-ordain ekonomikoa, distantziaren arabera 250 eta 600 euro artekoa, kasu jakin batean baino ez dagokio bidaiariari: ezeztapena 14 egun baino gutxiagoko aurrerapenarekin jakinarazten denean eta ezohiko inguruabarren ondorio ez denean. “Argi hitz egin behar da, itxaropen faltsurik ez sortzeko: azaroko Veneziako ezeztapenak bi aste baino gehiagoko aurrerapenarekin jakinarazi dituzte, eta, beraz, ez dute kalte-ordain automatiko hori jasotzeko eskubiderik ematen. Bai, ordea, dirua itzultzeko edo ordezko hegaldia hartzeko eskubidea, eta, kasuaren arabera, bidaiariak galdu dituela egiaztatzen dituen gastuak erreklamatzekoa; adibidez, itzuli ezin den hotel-erreserba bat”, zehaztu du Ortizek.
Egoerak okerrera egingo balu eta Volotea konkurtsoan sartuko balitz edo hegan egiteari utziko balio, txartelen zenbatekoa eta kalte-ordainak konkurtsoko kreditu bihurtuko lirateke, eta horiek kobratzea motela eta zalantzazkoa izaten da. Egoera horretan, komeni litzateke bankuaren bidez kargua atzera botatzen saiatzea, banku-txartelarekin ordaindu bada, eta bidaia-agentziari erreklamatzea, hegaldia bidaia konbinatu baten parte bada. “Gaur egun ez gaude egoera horretan, baina horrexegatik komeni da denbora ez galtzea: hegaldia bertan behera uzten badizute, eskatu dirua itzultzeko idatziz, lehenbailehen”, adierazi du.
Abokatuak gomendatzen du txartela, ordainagiriak eta aire-konpainiaren jakinarazpen guztiak gordetzea, eta, hegaldia bertan behera utzi edo aldatzen badute, kasua kontsultatzea konpainiak eskaintzen duena onartu aurretik. “Kasu bakoitza desberdina da, eta presaka hartutako erabaki bat garesti atera dakizuke; adibidez, bonu bat edo eskaintzen dizuten lehen hegaldia onartzea. ERREKLAMATUn doan aztertzen dugu zure kasua, eta argi esaten dizugu zer eskubide dituzun. Zerbait erreklamatzeko badago, gu arduratzen gara guztiaz —idazkiez, epeez eta aire-konpainiarekiko harremanaz—, zuk kezkatu beharrik izan ez dezazun. Eta irabazten badugu bakarrik kobratzen dugu; beraz, ez duzu ezer arriskatzen: ondo aholkatuta zaudela jakiteak ematen duen lasaitasuna duzu, eta aukera gehiago zure erreklamazioak aurrera egiteko”.



