ERREKLAMATUn mota guztietako erreklamazioak egiten dizkiegu aire-konpainiei. Baina 2020an bat nagusitu da: nire hegaldia Covid-19aren ondorioz bertan behera utzi zuten, eta konpainiak edo bidaia agentziak dio txartelaren dirua ezin dela itzuli; horren ordez bono batzuk eskaintzen dizkit, aurrerago hegaldiren bat hartzeko. Beharturik nago bono horiek hartzera? EZ. Eskubidea dut txartelaren dirua itzultzeko? BAI. Eta zer egin behar dut horretarako? Deitu guri eta erreklamatu zure hegaldia.
Jon Ortiz Larruceak, ERREKLAMATUko abokatuetako batek, hala nabarmentzen du: “beti, beti, aire-konpainia batek zure hegaldia bertan behera uzten badu, dela Covid-19aren ondorioz dela beste edozein arrazoirengatik, eskubidea duzu beste garraiobide bat eskaintzeko edo txartelaren dirua itzultzeko, bi aukeretatik zuk nahi duzuna”. Alegia, ez zaude behartuta data aldatzera edo aurrerago hegaldiak hartzeko voucher direlakoak edo baleak hartzera. Gainera, kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izan dezakezu honelakoetan: hegaldia bertan behera uzten bada abiatu baino denbora gutxi lehenago, edo bertan behera uzteko arrazoiak aire-konpainiari egotzi ahal bazaizkio.
Pandemiaren hasieratik bertatik, ia aire-konpainia guztiek erabaki zuten bezeroei bonoak eskaintzea bertan behera utzitako hegaldi kopuru handiari aurre egiteko, haien bidez hegaldiak hartzeko aurrerago, urtebeteko epean, oro har. Bezeroak erreklamatu duenean eskubidea duela txartelaren dirua itzultzeko, aire-konpainiaren erantzuna maiz izan da txartelaren prezioa ezin dela itzuli. Gauzak horrela, bidaiari askok jo dute abokatuen kabineteetara, ERREKLAMATUra, kasu, aire-konpainiei demanda jarri eta dirua berreskuratzeko.
“Sei hilabetean horrelako arazoen inguruko kasu ugariz arduratu gara. Eta esan dezakegu guztietan lortu dugula prezioa osorik itzultzea”.
Jon Ortiz Larruceak azpimarratu nahi du txartelaren prezioa osorik itzultzeko eskubide hori bera dugula joan-etorria bidaia agentzia batekin kontratatu denean ere. “Batzuetan agentziek hegaldiaren %70 itzultzea eskaintzen dute, edo horren pareko kopuru bat, baina ez da horrelako akordiorik onartu behar, zeren, hegaldia erreklamatuz gero txartelaren prezioa osorik itzultzeko eskubidea dugu”.
Informazioa, laguntza eta itzultzea (edo beste garraiobide bat)
Arauak argiak dira. Koronabirusaren hedapenaren ondorioz aire-konpainiek bertan behera uzten dituzten hegaldietako bidaiariek eskubidea dute informazioa eta laguntza jasotzeko, bai eta txartelaren dirua berreskuratzeko edo beste garraiobide bat izateko ere, Europako 261/2004 Erregelamenduan xedatutakoari jarraikiz.
- Informazioa: aire-konpainiak inprimaki bat eman behar dio bidaiariari, laguntza eta konpentsazio baldintzen berri ematen duena.
- Laguntza: jatekoa eta edatekoa, behar adinakoa, bi telefono-dei edo posta elektronikoa erabiltzeko aukera eta, beharrezkoa izanez gero, gau bat edo gehiagotarako ostatua, bai eta garraioa ere aireportutik ostatura, joan eta etorrikoa.
- Ordaindutako eta hartu gabeko hegaldiaren prezioa itzultzea, edo beste garraiobide bat bidaiaren destinora.
Eskubidea dut kalte-ordaina ere jasotzeko?
Covid-19a dela-eta hegaldiak bertan behera uztea ohiz kanpoko inguruabar baten ondorioa da, aire-konpainiari ez dagokiona, eta beraz, Europako 261/2004 Erregelamenduak ezartzen du kasu hauetan bidaiariak ez duela eskubiderik 250 eurotik 600 eurora bitarteko kalte-ordaina jasotzeko, hegaldiak bertan behera uzten diren beste kasuetan legeak aurreikusten duena.
Halere, azken hilabete hauetan bertan behera utzitako hegaldi askoren kasuan arrazoia ez da pandemia izan. Are gehiago, Jon Ortiz Larruceak dioenez, ikusten ari dira kasu askotan aire-konpainiek “alegatzen dituztela ohiz kanpoko inguruabarrak halakorik ez dagoenean ere”. Askotan aire-konpainiek bertan behera uzten dute hegaldi zehatz bat toki guztiak ez dituztelako bete eta ez delako errentagarria bere interesetarako, baina Covid-19arekin lotutako arrazoiak alegatzen dituzte. Horregatik, komeni da adituekin harremanetan jartzea, informazioa eman eta egiaztatu dezaten zein izan den hegaldia bertan behera uzteko benetako arrazoia.
Ohiz kanpoko inguruabar horiek gertatzen ez direnean, zure eskubideak berberak dira: zure hegaldia bertan behera uzten badute aire-konpainiari dagozkion arrazoiengatik, ukatzen badizuete hegazkinean sartzea osasunarekin loturarik ez duten arrazoiengatik, edo zure hegaldiak hiru ordu baino gehiagoko atzerapena badu, eskubidea duzu kalte-ordain bat jasotzeko, txartelaren dirua itzultzeaz edo beste garraiobide bat jartzeaz gain. Zalantzarik izanez gero, hobe da ez fidatzea aire-konpainien edo agentzien eskaintzez (data aldaketak, voucher-ak…) eta harremanetan jartzea Erreklamatu-rekin: “gu arduratuko gara kobra dezazun dagokizun dirua”.
“Gure kasuan, gainera, aholkua edo, besterik gabe, informazioa ematea doakoa da, eta bakarrik kobratzen dugu irabazten baduzu”, dio abokatuak amaitzeko.