ERREKLAMATUn bidaiariei lagundu nahi diegu haien eskubideak babesten eta dagozkien kalte-ordainak erreklamatzen. Horrexegatik, gure bezeroei ematen diegun laguntza juridikoaz gain, hegaldietan gorabeheraren bat izan duten bidaiarientzat baliagarria den edukia ere zabaltzen dugu.
Oraingoan, zerrenda bat osatu dugu aire-konpainien erabiltzaile gehienek ezagutzen ez dituzten hamar gauzarekin. Hamar gauza horiek oso baliagarriak dira gure eskubideen alde egiteko gure hegaldia bertan behera uzten badute, overbookinga edo atzerapenak gertatzen direnean edo ekipajearekin arazoak daudenean. Ez galdu gida hau, funtsezkoa da bidaiari guztientzat eta pauso bat aurrerago egotea ziurtatuko dizu!
1.- Zure hegaldia bertan behera uzten badute, kalte-ordaina jasotzeko eskubidea duzu
Hegaldi bat bertan behera utzi ondoren, aire-konpainiek ordezko hegaldiak edo txartelaren prezioa itzultzea eskaintzen dizkiete bidaiariei. Bai, beharko! Beharbada ordainduko dizute hoteleko gau bat edo afari bat… gorabehera konpontzen duten bitartean. Halakoetan, bidaiari gehienek aski dute destinora lehenbailehen iristea. Baina jakin behar duzu aurrekoaz gain kalte-ordain ekonomikoa jasotzeko eskubidea ere baduzula, hegaldia bertan behera utzi izanaren arrazoia konpainiari egotzi ahal bazaio. Kalte-ordaina bertan behera utzitako hegaldiaren distantziaren araberakoa da:
- 1.500 km baino gutxiago: 250€ bidaiari bakoitzeko.
- 1.500 eta 3.500 km artean: 400€ bidaiari bakoitzeko.
- 3.500 km baino gehiago: 600€ bidaiari bakoitzeko.
Kopuru horiek Europar Batasunak jarriak dira eta munduko edozein tokitan bete beharrekoak aire-konpainiak egoitza Europan badu. Egoitza beste kontinenteetan duten konpainien kasuan, kalte-ordainak aplikatzen dira hegaldia Europar Batasunean aireratu edo lurreratzen bada.
2. Beste hegaldi bat eskaintzen ez badizute, zeuk erosi eta ordaindu beharko dizute
Aurrekoa bezalako egoeretan, batzuetan aire-konpainia ez da arduratzen bidaiariez eta ez die eskaintzen destinora iristeko beste hegaldirik ere. Hori gertatzen bada, zure kabuz moldatu eta beste garraiobide bat lortu beharko duzu. Nolanahi ere, bidaia horretako faktura guztiak gorde, geroago horien dirua itzultzea eskatu ahal diozulako zure hegaldia bertan behera utzi zuen konpainiari.
3. Egin ez dituzun jarduerengatik kalte-ordaina jasotzea
Batzuetan, hegaldi bat bertan behera utzi edo atzeratzearen ondorioz erabiltzaileak galduko ditu kontratatuta zeuzkan zerbitzu batzuk: hoteleko gauak, txangoak, ibilgailuen alokairua, ikuskizunetarako sarrerak… Egoera horretan bazaude, kalte-ordaina eska dezakegu, gorabeheraren ondorioz egin ez dituzun jardueren balioa adinakoa, baldin eta aurkezten badituzu fakturak eta ordainagiriak.
4. Kalte-ordainerako eskubidea overbookinga gertatzen denean
Overbookinga gertatzen denean, aire-konpainiek konpentsazio aukera zabala eskaintzen diete kaltetutako bidaiariei: hegaldiak, business class-eko txartelak, aurreragoko bidaietarako puntuak… Jakin behar duzu, ordea, kasu honetan zure eskubideak hegaldia bertan behera uzten denean dituzun berberak direla: beste hegaldi bat eskaini behar dizute eta 250, 400 edo 600 euroko kalte-ordaina eman, kontratatua zenuen hegaldiaren distantziaren arabera.
5. Kalte-ordaina jasotzeko eskubidea atzerapen handia gertatzen denean
Ohikoa da hegaldiek atzerapen txikiak izatea, gehienetan eragozpen txikiak baizik sortzen ez dutenak. Baina zenbaitetan atzerapen handiak gertatzen dira, hau da, hegaldia iritsiera-ordua baino hiru ordu beranduago iristea. Hori gertatzen bada, 250, 400 edo 600 euroko kalte-ordain ekonomikoa jasotzea dagokizu, hegaldiaren distantziaren arabera. Eta, noski, atzerapenagatik ondorengo hegaldia galdu baduzu, konpainiak ordezko garraiobide bat jarri beharko dizu.
6. Hegazkinaren iritsiera-ordua ateak zabaltzen diren unea da
Aurreko kasuan, hegaldi batek hiru ordu baino gehiagoko atzerapena izan duen zehazteko, funtsezkoa da jakitea hegazkina destinora noiz iritsi den, une zehatza, izan ere, hegazkina lurreratzen denetik bidaiariek aireportutik alde egin arte denbora luzea igaro daitekeelako. Jakin behar da hegaldiaren iritsiera-ordua dela hegazkineko ateak bidaiariak irten daitezen irekitzen diren unea.
7. Laguntzarako eskubidea hegaldiak bertan behera uzten direnean edo overbookinga edo atzerapena dagoenean
Zure hegaldia bertan behera utzi badute, overbookinga gertatu baldin bada edo hiru ordu baino gehiagoko atzerapena izan baduzu, litekeena da ordu asko eman behar izatea aireportu batean, aire-konpainiak gorabehera konpondu zain. Beharbada hotel bat ere beharko duzu gauean atseden hartzeko.
Halakoetan, hegazkin-konpainiak edatekoa, jatekoa, ostatua (ordezko hegaldia hurrengo egunean bada), ostatura joan eta etortzeko garraioa jarri behar dizkizu, eta bi telefono-dei edo mezu elektroniko bat bidaltzeko aukera eman. Aire-konpainiak zure egoeraz ezer jakin nahi ez badu eta zure gain hartu behar badituzu gastuak, gorde itzazu fakturak, dirua itzultzea eska dezakegu eta.
8. Hegaldiaren erreklamazioa egiteko bost urteko epea duzu
Aurreko puntuetan ikusi dugunez, zure hegaldia bertan uzten badute, overbookinga edo atzerapen handiak gertatzen badira, eskubidea duzu ordezko hegaldi bat emateko edo txartelaren dirua erreklamatzeko, bai eta gorabehera horrek sortu dizkizun gastuak ordaintzeko ere. Gorabeheraren erantzulea hegazkin-konpainia baldin bada, kalte-ordain baterako eskubidea duzu, aurrekoez gainera.
Konpainiak zure egoera konpondu ondoren, zure jatorrizko tokira edo destinora iristen zarenean, zure hegaldiaren erreklamazioa egin dezakezu kalte-ordaina lortzeko. Jakin behar duzu bost urteko epea duzula egiteko, baina gure gomendioa da bidaiatu ondorengo asteetan egitea, eskura izan dezazun behar den dokumentazio guztia.
Zer egin behar duzu? Oso erraza da. Lokalizatu zure erreserba (aire-konpainiak edo bidaia-agentziak bidaltzen duen mezu elektronikoa, hegaldiaren xehetasun guztiak eta ibilbidea azaltzen dituena) eta ontziratzeko txartela (gorde baldin baduzu). Kasua abokatu espezializatuen eskuetan utzi eta ez kezkatu gehiago. ERREKLAMATUn informazioa eta kontsulta doakoak dira, eta gure abokatuek, konpromisorik gabe, aholku emango dizute zure erreklamazioa bideragarria den jakin dezazun.
9. Konpentsazioa, ekipajea galtzeagatik edo entregatzen atzeratzegatik
Zure hegaldia destinora iritsita, maleta ez bada agertzen aireportuko ekipajeen zintan, bi gauza gerta daitezke: handik egun batzuetara berreskuratzea edo betirako agurtzea. Bi kasuetan erreklamatu dezakegu kalte-ordaina.
Lehenengo eta behin, gorabehera horietarako dagoen informazio-mahaira joan behar duzu eta han Ekipajearen Irregulartasunaren Agiria bete (PIR, Property Irregularity Report). Tramite hori ezinbestekoa da ondoren erreklamazioa egin ahal izateko, bi urteko epean.
Maleta ez bada agertzen 21 eguneko epean, konpainiak galdutzat emango du eta kalte-ordain ekonomikoa eskatzeko eskubidea izango dugu. Kasu honetan ez dago kalte-ordain automatikorik, aireko garraioaren gainerako arazoetan bezala, Montrealgo Itunak agintzen baitu, eta bertan ezarria dago gehieneko konpentsazioa 1.421 eurokoa dela pertsona bakoitzeko, gehienez. Halere, arau horretan ez da zehatz-mehatz azaltzen zein diren kalte-ordainak, eta beraz, beharrezkoa da gorabehera osorik justifikatzea eta ahalik eta dokumentazio gehien aurkeztea.
Bestalde, maleta 21 eguneko epean agertzen bada, entregan izandako atzerapenagatik erreklamatu dezakegu, Kasu bakoitzaren araberakoa izango da kalte-ordaina, baina 50 euro inguru izan ohi dira atzerapen egun bakoitzeko, gehienez ere 1.421 euro pertsonako.
10. Erosi behar izan dituzun gauzen konpentsazioa
Ekipajea galtzen denean, zure gauzak agertzen ez diren bitartean beste gastu batzuk egin beharko dituzu beharbada: higienerako produktuak, jantziak, lanerako behar dituzun tresnak… Gorde itzazu tiket eta faktura guztiak, diru hori ere erreklamatzeko eskubidea dugulako.
Hamar aholku hauek aintzat hartuta, lasai hartu ahal izango duzu zure hegaldia, badakizulako gorabeheraren bat gertatuz gero zure eskubide guztiak ezagutzen dituzula eta ez dizutela ziria sartuko.
Ez ahaztu aire-konpainiek beren interesak zaintzen dituztela; zeuk zaindu behar dituzu zeureak.
Gomendatzen dizugu ez sinatzea inolako dokumenturik zure konpentsazioari uko egiteko, eta ez onartzea legeak agintzen duena baino diru kopuru txikiagorik. Adibidez, aurrerago egingo dituzun hegaldietarako deskontu txartelak eskaini ahal dizkizute, erreklamaziorik ez egitearen truke. Ez onartu!
Kasu horietan, onena da gure abokatuekin harremanetan jartzea, eta haiek aholku emango dizute dohainik. Eta gogoratu, azkenean erabakitzen baduzu zure erreklamazioa gure eskuetan uztea, bakarrik kobratzen dugu irabazten badugu, zuretzat berreskuratzen dugunaren %25, zehazki.