Aireportuetako toki garrantzitsuetan dagoen langile falta gorabehera ugari eragiten ari da azken hilabeteetan. Horren ondorioz, milaka bidaiari hegazkinik hartu gabe gelditzen ari dira, eta ehunka maleta beren nagusiekin bidaiatu gabe. Hori ikusita, aireportuetako kudeatzaileak eta aire-konpainiak ahalegintzen ari dira langileak lehenbailehen kontratatzen, baina ez du ematen lortzen ari direnik eta, oraingoz, jarduera murriztea beste aukerarik ez dute. Horregatik, litekeena da kolapsoa, neurri desberdinetan bada ere, zabaltzen joatea datozen hilabeteetan Europa osoan, eskari handieneko uneak heldu ahala.
Pandemian milaka langile kaleratu zituzten abiazioaren sektorean, eta beste sektore batzuetara jo behar izan zuten. Orain, ordea, aireportuetara jarduera itzuli delarik eta hegazkin eskaria handia tartean, langileak berreskuratu nahi zituzten enpresek ez dute beharginik aurkitzen. Gainera, egoera are larriagoa da, kontratatutako langileek behar dituzten segurtasun bereizgarriak lortzeko atzerapena dagoelako. Lufthansa, Eurowings edo Swiss aire-konpainiek, esate baterako, iragarri dute operazio batzuk bertan behera utzi beharko dituztela langile falta dela eta.
Egoera horien ondorioz zure hegaldia bertan behera uzten badute, eskubidea duzu bidaia txartelaren dirua itzultzeko edo zure destinora lehenbailehen eramango zaituen garraio alternatiboa jartzeko. Eta arazoak aireporturen batean ez atzera ez aurrera uzten bazaitu, konpainiak jan-edanak eta ostatua eman beharko dizkizu, baita aireporturako garraio zerbitzua ere, hegaldi alternatiboa hartzeko. Hala egiten ez badu, gorde itzazu zure gastu guztien fakturak, erreklamatu ahal dituzulako.
Gainera, hegaldia bertan behera uztearen arrazoia aire-konpainiari egotzi ahal bazaio –kasu honetan, aire-konpainiako langile falta–, eskubidea duzu kalte-ordaina ere jasotzeko, hegaldiaren distantziaren araberakoa. Aldiz, hegaldia bertan behera uztearen arrazoia, adibidez, pasaporteen kontrola egiteko polizia nahikorik ez dagoela bada –hau ere gertatzen ari baita–, eskubidea izango genuke hegaldi alternatiboa jartzeko eta jan-edanak emateko, baina ez kalte-ordainik jasotzeko.
Eta zer gertatzen da greba baldin badago?
Azaldutako egoera –langile falta eta lan baldintza okerrak– lan gatazka ugari eragiten ari da abiazioaren sektorean. Greba gertatzen bada, gure eskubideak lehen aipatutako egoeran ditugun berberak dira: eskubidea dugu bidaia-txartelaren dirua itzultzeko edo garraio alternatiboa jartzeko. Eta grebaren erantzulea hegazkin-konpainia bada –Ryanair-eko langileen greba bat, adibidez– kalte-ordaina ere jasotzeko eskubidea dugu. Aire-zirkulazioaren kontrolatzaileen greba baldin badago, aldiz, hegaldi alternatiborako eskubidea izango genuke baina kalte-ordainerako ez, hegazkin-konpainia ez delako grebaren erantzulea.
Nolanahi ere, arrazoi hauengatik gorabeheraren bat izanez gero, ez fidatu konpainiek ematen dizuten azalpenaz, normalean haien erantzukizuna saihestu nahi izaten baitute. Beraz, edozein gorabehera gertatuz gero komeni da kasua profesionalen eskuetan uztea. ERREKLAMATUn kontsulta eta argibideak doakoak dira, eta azkenean zure erreklamazioa kudeatu behar badugu, irabazten badugu baizik ez dugu kobratuko, zuretzat lortzen dugunaren %25, zehazki. Deitu gurera, eta gu arduratuko gara jaso ditzazun zureak diren kalte-ordainak.