ERREKLAMATUk 90.000 eurotik gora lortu ditu Irlandatik itzultzeko hegaldia bertan behera geratu zitzaien 120 bidaiarirentzat

Iruñeko Lehen Auzialdiko 9. epaitegiaren epai batek 85 bidaiariri kalte moralengatiko kalte-ordainak aitortu zizkien, eta hegaldi bereko beste 35 kaltetuk epaiketatik kanpoko akordioa lortu zuten ondoren, baldintza berberetan.

ERREKLAMATUk lortu du Irlandatik itzultzeko hegaldia bertan behera geratu zitzaien 120 bidaiarik 90.000 eurotik gorako kalte-ordaina jasotzea, legezko konpentsazioak, kalte moralengatiko ordainak eta gastuen itzulketak batuta, Bilbon egoitza duen eta hegaldien erreklamazioetan espezializatutako bulego honek sustatutako erreklamazio kolektibo baten ondoren. Erreklamatzaileen artean 117 adingabe eta espedizioaren ardura zuten hiru helduak zeuden.

Bidaiariak Iruñera itzultzekotan ziren, Irlandan ingelesa ikasteko egonaldi bat egin ondoren. Egonaldia Gipuzkoako Eirlan enpresak antolatu zuen, Irlandako familien etxeetan ikastaroak eta egonaldiak antolatzen espezializatuta baitago. Espedizioan guztira 173 pertsona zihoazen: 170 adingabe, enpresako bi arduradun eta begirale bat. Kaltetuen artean Nafarroako, Gipuzkoako eta Bizkaiko hainbat ikasle zeuden, baita Errioxa, Zaragoza, Madril, Burgos eta Estatuko beste hainbat tokitatik etorritako gazteak ere.

Enter Air aire-konpainiak operatutako ENT 558 hegaldia 2023ko uztailaren 25erako zegoen aurreikusita, Knockeko aireportutik (Irlanda) abiatu eta Iruñera heltzeko, baina konpainiak bertan behera utzi zuen, aurrez jakinarazi gabe. Gorabeherak ziurgabetasun handia sortu zuen, adingabe kopuru handi bati eragin baitzion, eta hasieran ez baitzen jakiterik noiz itzuliko ziren etxera.

Hegaldia bertan behera utzi ondoren, konpainiak zailtasunak izan zituen talde osoarentzako ostatua aurkitzeko aireportutik gertu. Azkenean, bidaiariak 50 plaza inguruko aterpetxe batera eraman zituzten, eta bertan ostatu hartu behar izan zuten espedizioko 173 pertsonek hegaldi berria atera arte.

Kaltetuek azaldu dutenez, adingabe askok ezin izan zuten ordu luzez familiekin harremanetan jarri, eta horrek taldearen egoerarekiko kezka handitu zuen. Egoeraren jarraipena egin zuten Dublingo Espainiako Enbaxadako langileek ere, eta zenbait komunikabidek espedizioaren arduradunekin harremanetan jarri ziren, jakin nahian zein zen ikasleen egoera eta zer ari zen gertatzen.

Azkenean, guztiak hurrengo eguneko beste hegaldi batean birkokatu zituzten, eta Iruñera ia 24 orduko atzerapenarekin iritsi ziren.

Itzuli ondoren, bidaiaren antolatzaileek hegaldia erreklamatzeko asmoa azaldu zuten, hura bertan behera uzteagatik zegozkien kalte-ordainak eskatzeko. Ikasleetako baten amak adierazi zuen ERREKLAMATUren zerbitzua ezagutzen zuela eta bulegoaren erreferentzia oso onak zituela; hortaz, taldeak abokatu horien esku utzi zuen erreklamazio kolektiboa, azkenean emaitza on honekin bukatu dena.

85 adingabek demanda jarri zuten, eta epaileak arrazoia eman zien

85 bidaiari ordezkatuz aurkeztu zen lehenengo erreklamazio judizialean, Iruñeko Lehen Auzialdiko 9. epaitegiak aire-konpainia honako hauek ordaintzera kondenatu zuen:

  • 250 euro bidaiari bakoitzeko, hegazkinetako bidaiarien eskubideei buruzko Europako Erregelamenduaren arabera, hegaldia bertan behera uzteagatik.
  • Beste 500 euro bidaiari bakoitzeko, kalte moralengatik.
  • Familia batzuek egiaztatutako aparteko gastuak.
  • Interesak eta prozedurako kostuak.

Kalte moralengatik bakarrik, epaiak 42.500 euro ezarri zituen kaltetuen lehen talde honentzat, adingabeek pairatutako sufrimendua frogatutzat jo baitzuen.

Epaileak adingabeen zaurgarritasun berezia nabarmendu zuen

Ebazpen judizialak azpimarratzen du kaltetu guztiak adingabeak zirela, atzerrian zeudela gurasorik gabe, eta hegaldiaren ezeztapenaren ondorioz gau bat gehiago igaro behar izan zutela, aire-konpainiak jarritako aterpetxe batean eta oso baldintza txarretan.

Prozeduran azaldu zenaren arabera, ikasle batzuek lurrean edo aulkietan egin zuten lo, ez zegoen ohe, manta eta entxufe nahikorik, ez zuten janari eta edari egokirik jaso, eta askok ezin izan zuten beren familiekin harremanetan jarri.

Epailearen ustez, egoera horrek ezinegona, larritasuna, ziurgabetasuna eta sufrimendu psikikoa eragin zitzakeen, eta horregatik justifikatu zuen kalte moralengatiko ordaina.

Beste 35 bidaiarik geroago erreklamatu zuten eta epaiketarik egin gabe kobratu zuten

Demandaren aldeko epaiaren berri izan ondoren, hegaldi berean zihoazen beste 35 adingabek erreklamazio berria abiatu zuten ERREKLAMATUren bidez.

Bigarren kasu honetan, konpainiak epaiketatik kanpoko akordioa egitea erabaki zuen, bidaiari bakoitzari 250 euroko legezko konpentsazioa eta 500 euroko kalte moralengatiko ordaina emanez. Hau da, 750 euro kaltetu bakoitzeko, lehen epaiak ezarritako irizpide bera aplikatuta.

Horrela, epaiaren eta ondorengo akordioaren bidez, guztira lortutako zenbatekoa 90.000 eurotik gorakoa da; kopuru bereziki esanguratsua da hegaldien arloko erreklamazio kolektibo batean.

“Erreklamatzea merezi du”

Jon Ortiz Larruzea ERREKLAMATUko abokatuak nabarmendu du bidaiari gisa ditugun eskubideak ezagutzea eta, gorabeheraren bat izanez gero, laguntza profesionalarekin erreklamatzea garrantzitsua dela: “Kasu honek erakusten du erreklamatzea merezi duela. Ikasle hauek eta haien familiek pausoa eman izan ez balute, konpainiak ez zukeen inoiz ordainduko jasandako guztiagatik zegokien kalte-ordaina”.

“Jende askok uste du alferrikakoa dela erreklamazio bat hastea edo aire-konpainiek besterik gabe ordainduko dutela, baina errealitatea ez da beti hori. Kasu askotan, bidaiariak erreklamatzen duenean bakarrik aktibatzen da benetan kalte-ordainaren prozesua”, gaineratu du.

Gainera, abokatuak gogorarazi du kalte moralengatiko ordaina ez dela automatikoki ematen. “Beharrezkoa da kaltetuek bizi izan dituzten egoera zehatzak frogatzea eta erreklamazioa oinarri juridiko sendoekin defendatzea aurrera atera dadin”.

Etorkizuneko erreklamazioetarako aurrekari garrantzitsua

ERREKLAMATUk adierazi du urtero milaka bidaiarik pairatzen dituztela hegaldien ezeztapenak, atzerapenak edo bestelako gorabehera larriak, eta askok ez dutela erreklamatzen, ezjakintasunagatik edo ezer lortuko ez dutela pentsatzeagatik.

Honelako kasuek, ordea, erakusten dute oinarri juridikoa dagoenean erreklamazioak kalte-ordain garrantzitsuak ekar ditzakeela, bereziki konpainiak laguntza eta informazio betebeharrak betetzen ez dituenean.

ERREKLAMATUk gogorarazten du doako informazio eta kontsulta zerbitzua eskaintzen dituela hegaldiak bertan behera uzten direnean edo atzerapenak, overbooking egoerak, ekipaje arazoak edo bestelako aireko gorabeherak izan dituzten guztientzat. Halakoetan, bulegoko abokatuek kasu bakoitza aztertzen dute eta bidaiariari informazioa eta aholku ematen diote, kalte-ordaina eskatzeko eskubiderik duen ala ez jakiteko.

Kontsultatu doan

Gure abokatu adituek zure kasua aztertuko dute eta zure erreklamazioaren bideragarritasunari buruzko informazioa emango dizute. Eman zure datuak, eta zurekin harremanetan jarriko gara aholku emateko.

Barroeta Aldamar kalea 6.
3º derecha – derecha
48001 BILBO – Bizkaia

EUS Consulta GRATIS (#10)

* Nahiago baduzu, dei dezakezu zuk telefono honetara: 944 027 596 (astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18.00etara), edo mezu bat bidali helbide honetara: info@erreklamatu.com

Azken albisteak