Bilboko bikote batek bi hegaldi zituen Bilbotik Pragara joateko 2020ko martxoan. Aire-konpainiak, Brussels Airlines-ek, bertan behera utzi zituen, ohiz kanpoko arrazoiak aipatuz: Covid-19aren pandemia. Baina Edreams-k, erreserbaz arduratu zen agentziak, bidali zien jakinarazpen-oharrean ez zen inon ere aipatzen osasun egoera zenik hegaldi hura bertan behera uzteko arrazoia. Gainera, aire-konpainiak aukera eskaini zien bidaiariei hegaldien ordutegia aldatzeko, eta hori ez dator bat Covid-19ak eragindako gorabehera batekin.
Eta zergatik da garrantzitsua hegaldiak bertan behera uzteko arrazoia? Aire-konpainiak konpondu ezin ditzakeen ohiz kanpoko inguruabarrengatik gertatu baldin bada, Covid-19ak sortutako egoera, adibidez, erabiltzaileek eskubidea dute txartelaren dirua itzultzeko, eta ez, ordea, kalte-ordaina jasotzeko, bertan behera uzteko arrazoiak konpainiari egotzi ahal zaizkionean ordaindu behar duen kalte-ordaina, hain zuzen ere.
Horrenbestez, bi bidaiariek ERREKLAMATUra jo zuten, hegaldia bertan behera utzi izanaren benetako arrazoiak jakin nahian, zerbitzu hori dohainik ematen baitugu. Informazioa lortu ondoren, hegaldia erreklamatzea erabaki zuten. Berriki, Bilboko Merkataritza arloko 2. epaitegiak arrazoia dutela ebatzi du, esanez ezin dela frogatutzat eman hegaldia bertan behera uzteak lotura zuenik pandemiarekin. Hortaz, konpainia zigortu du eta 2.124,92 euro ordaintzera behartu, hau da, txartelen diruaren itzulketa gehi 800 euroko kalte-ordaina bidaiari bakoitzarentzat.
Ohiz kanpoko egoera, benetan halakoa ez dena
ERREKLAMATUko Jon Ortiz Larruceak dioenez, azken hilabeteetan bertan behera utzitako hegaldi askoren kasuan pandemia da arrazoia, bai, baina beste askotan ez. Izan ere, bulegoan konturatu dira aire-konpainiek “maiz alegatzen dituztela ohiz kanpoko inguruabarrak, benetan halakorik izan ez denean”.
Abokatuak dioenez, “askotan aire-konpainiek bertan behera uzten dute hegaldi zehatz bat toki guztiak ez dituztelako bete eta ez delako errentagarria beren interesetarako, baina Covid-19arekin lotutako arrazoiak alegatzen dituzte. Horregatik, komeni da adituekin harremanetan jartzea, informazioa eman eta egiaztatu dezaten zein izan den hegaldia bertan behera uzteko benetako arrazoia”.
Ohiz kanpoko inguruabar horiek gertatzen ez direnean, zure eskubideak berberak dira: zure hegaldia bertan behera uzten badute aire-konpainiari dagozkion arrazoiengatik, ukatzen badizuete hegazkinean sartzea osasunarekin loturarik ez duten arrazoiengatik, edo zure hegaldiak hiru ordu baino gehiagoko atzerapena badu, eskubidea duzu kalte-ordain bat jasotzeko, txartelaren dirua itzultzeaz edo beste garraiobide bat jartzeaz gain. Zalantzarik izanez gero, hobe da ez fidatzea aire-konpainien edo agentzien eskaintzez (data aldaketak, voucher-ak…) eta harremanetan jartzea Erreklamatu-rekin: “gu arduratuko gara kobra dezazun dagokizun dirua”.
“Gure kasuan, gainera, aholkua edo, besterik gabe, informazioa ematea doakoa da, eta bakarrik kobratzen dugu irabazten baduzu”, dio abokatuak amaitzeko.