Air Franceren filiala den Hop aire-konpainiak 27.935 euroko kalte-ordaina eman die Donostiako Goizaldi Dantza Taldeko hogeita hiru kideri, Salt Lake City-n (EB), programatua zuten emanaldi batera joateko kontratatu zuten bidaian izandako bi gorabeheraren ondorioz.
Bilboko Merkataritza arloko 1. Epaitegiak onartu zuen ERREKLAMATU abokatuen bulegoak aurkeztutako demanda, eta horregatik, enpresak zenbateko hori ordaindu behar izan du konpentsazio gisa, bere gain hartuz erabiltzaileei eragindako kalte ekonomikoak.
Joanekoan, bidaiariek hartu beharreko Bilbo-Paris hegaldia bertan behera utzi zuten; Parisen hartu behar zuten bigarren hegazkina, Estatu Batuetara joatekoa. Enpresak hurrengo egunerako hegaldi alternatibo batean sartu zituen, eta, horren ondorioz, dantza taldeko hogeita hiru kideak zazpi ordu berandu iritsi ziren destinora. Itzulikoan, berriz, enpresak ukatu zien sartzea kontratatua zuten Paris-Bilbo hegaldian, eta Miarritzera zihoazen beste hegaldi batzuetan nola edo hala sartu zituen; han autobus bat hartu behar izan zuten etxera itzultzeko.
Gauzak horrela, Hop enpresak 600 euroko konpentsazioa ordaindu beharko dio bidaiari bakoitzari hartu ezin izan zuten hegaldi bakoitzeko, eta beste 335 euro Miarritzetik Bilbora autobusez egin zuten bidaiaren gastuengatik.
ERREKLAMATUren iritziz behar-beharrezkoa da aurre egitea aire-konpainien gehiegikeriei eta jardunbide txarrei, eta gogoratzen die bidaiariei eskubidea dutela diru konpentsazioa eskatzeko overbooking-a dagoenean eta hegaldiak bertan behera utzi edo atzeratzen direnean. Kasu horietan erabiltzaileek bost urteko epea dute kalte-ordaina eskatzeko.
ERREKLAMATU bidez aurkezten diren demandak doakoak dira, kabinete honek bezeroentzako kalte-ordainak lortzen dituenean baizik ez dituelako zerbitzuak kobratzen.