Bi bidaiariri kalte-ordaina eman eta Athletic-en Erromako partidako sarreren dirua itzultzera zigortu dute Vueling

Bilboko Lehen Auzialdiko 9. Epaitegiak Bilboko Athletic Clubeko bi zaleren aldeko epaia eman du. Futbol taldearen bi jarraitzaileek ez zuten beren klubak irailean Erroman jokatu zuen partidara joaterik izan, Vueling Airlines SArekin zuten hegaldia atzeratu egin zelako. ERREKLAMATUren demandaren ostean, aire konpainia zigortu dute bidaiariei 651,5 euroko kalte-ordaina ematera, eta zenbateko horretan partidako sarreren dirua sartuta dago.

2024ko irailaren 26an, Bilboko Athletic Clubaren 2.500 zale inguruk bidaiatu zuten Erromara, taldeak Europako lehiaketan jokatu behar zuen partida garrantzitsu bat ikustera. Horietako bi, Ezkerraldeko Aitzol eta Lidia, Vueling-en hegaldi batean Bilbotik Bartzelonara 8:55ean joatekotan ziren, gero Bartzelonan 10:55ean Erromara zihoan hegaldia hartu eta partidara garaiz iristeko asmotan.

Lehen hegaldiak, ordea, 2 ordu eta 37 minutuko atzerapena izan zuen, eta Bartzelonara 12:42an iritsi zenez, hurrengo hegaldia galdu zuten. Horren guztiaren ondorioz, beste hegaldi bat hartu behar izan zuten, eta Erromara 21:00ean iritsi ziren, aurreikusitakoa baino zortzi ordu beranduago, partida bukatuta zegoela.

Erreklamazioa: kalte-ordaina ematea eta sarreren dirua itzultzea

Kaltetuek ERREKLAMATUra jo zuten erreklamazioa gestionatzeko. Kasua aztertu ondoren, gure abokatuek demanda bat aurkeztu zuten Vueling-en kontra, 500 euroko ordaina eskatuz (250 euro bidaiari bakoitzeko), 261/2004 (EE) Erregelamenduaren 7. artikuluari jarraikiz, bai eta 151,5 euroko diru-kopurua ere itzultzea, ohiz kanpoko gastuengatik, Athletic-en Erromako partidarako sarrerak barne, ezin izan zituztelako erabili, eta beste 81,50 euro, destinora iritsi zirenean hartu zuten taxiaren gastuarenak.

Vueling-ek hein batean onartu zuen demanda, eta prest zegoen konpentsazio automatikoa ordaintzeko, 250 eurokoa bidaiari bakoitzeko, baina ez zuen onartu sarrerak eta taxiaren gastua itzultzea, horretarako lege oinarririk ez zegoela esanda.

Epaia: garaipena, zaleentzat ere bai

Martxoaren 14an argitaratu zuen epaian, Bilboko Lehen Auzialdiko 9. Epaitegiko magistratuak adierazten du hegaldiaren atzerapenak kontratua ez betetzea dakarrela eta horrek justifikatzen duela 261/2004 Erregelamendua eta Kode Zibila aplikatzea. Ezartzen duenez, demanda jarri dutenek eskubidea dute, Europako arauetan ezarritako konpentsazioa ez ezik, agiri bidez frogatutako ohiz kanpoko gastuak ere jasotzeko, partidako sarrerak barne.

Horregatik, ebazpenak Vueling zigortzen du erreklamatutako diru-kopuru osoa itzultzera, hau da, 651,5 euro, lege interesak eta prozesuko kostuak barne direla.

Gastuak itzultzeko eskubidea

Epai honek indartzen du bidaiarien eskubidea konpentsazioa jasotzeko, ez bakarrik Europako araudian ezarritako konpentsazio automatikoa, baizik eta aire konpainiak kontratuak ez betetzeak ekarritako kalte gehigarrien konpentsazioa ere.

Jakina denez, hegaldi baten atzerapena 3 ordutik gorakoa denean, bidaiariek eskubidea dute diru-ordaina jasotzeko, baldin eta atzerapenaren arrazoiak ez badira aparteko egoeren ondorio (muturreko baldintza meteorologikoak, aire konpainiarekin lotuta ez dauden grebak edo segurtasun arazoak). Kalte-ordainaren zenbatekoa hegaldiaren distantziaren araberakoa da:

  • 250 € 1.500 km arteko hegaldietarako.
  • 400 € 1.500 km-tik 3.500 km-ra arteko hegaldietarako.
  • 600 € 3.500 km baino gehiagoko hegaldietarako.

Kalte-ordain horrez gain, bidaiariek eska dezakete gorabehera dela-eta izandako gastu gehigarriak ere itzultzea (otorduak, garraioa, ostatua), bai eta egin ez dituzten jardueren edo jaso ez dituzten zerbitzuen gastuak itzultzea ere, esate baterako, kasu honetan, futbol partidako sarrerak.

Epai hau erreferentziatzat har liteke antzeko egoeretan dauden beste bidaiari batzuentzat, batez ere agiri bidez frogatu dezaketenean hegaldia atzeratu izanak ekarri dien kalte ekonomikoa.

Kontsultatu doan

Gure abokatu adituek zure kasua aztertuko dute eta zure erreklamazioaren bideragarritasunari buruzko informazioa emango dizute. Eman zure datuak, eta zurekin harremanetan jarriko gara aholku emateko.

Barroeta Aldamar kalea 6.
3º derecha – derecha
48001 BILBO – Bizkaia

EUS Consulta GRATIS (#10)

* Nahiago baduzu, dei dezakezu zuk telefono honetara: 944 027 596 (astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18.00etara), edo mezu bat bidali helbide honetara: info@erreklamatu.com

Azken albisteak