Neska honen amesgaiztoa 2020ko urtarrilaren 9an hasi zen. Bilbao-Dublin hegaldi bat kontratatu zuen, Barajasen eskala eginez, baina azken unean Iberiak bertan behera utzi zuen Dublinekiko konexioa Filomena ekaitza zela-eta, eta, horren ondorioz, bidaiaria Madrileko aireportuan gelditu zen, ez atzera ez aurrera, ordezko hegaldiaren eta bere maletaren zain, ekipajea Bilboko hegaldian galdu zelako.
Gaua terminalean eman ondoren, biharamunean konpainiak ez zuen haren egoera bere gain hartu, eta ez zizkion eman zegozkion zerbitzuak, bidaiariak horietarako eskubidea izan arren: ostatua, mantenua eta, batez ere, Dublinera joateko konponbide bat. Konpainiak ez zuen hori bete urtarrilaren 10ean, ez 11n, eta maletak ere desagertuta jarraitzen zuenez, gazteak aireportuan gelditu beste aukerarik ez zuen izan, haren zain. Urtarrilaren 12an agertu zen maleta, baina Iberiak ez zion orduan ere ordezko hegaldirik eskaini; hortaz, bidaiariak Alacantera joan behar izan zuen, berak horretarako modua aurkitu ondoren, eta han hegaldi bat hartu Dublinerako, berak ordainduta, jakina.
Hasieran aipatu dugunez, hegaldien erreklamazioekin lanean ari garenetik ikusi dugun egoera okerrenetako bat da. Eta ongi erakusten du zer nolako eraginkortasun falta duten hegazkin-konpainiek eta bezeroekin maiz erabiltzen duten mespretxuzko tratua: ez digute informazio egokirik ematen gorabeherei buruz eta, horrez gain, legez dagokigun arreta ukatzen digute. Jokabide hori zigortzeko modukoa da guztiz, ez dator bat zuzenbidearekin, eta horrelakoetan hegaldia erreklamatu behar da beti, kalte-ordaina lortzeko.
Iberia, zigortuta
Gaztea harremanetan jarri zen ERREKLAMATUrekin, hegaldia erreklamatzeko, eta berriki Merkataritza arloko Bilboko 3. Epaitegiak Iberia zigortu du 1.990,82 euroko kalte-ordaina ematera. Zehazki, hegazkin-konpainiak ordaindu beharko dizkio bertan behera utzitako hegaldiaren prezioa, Alacantera joateko bidaiaren gastuak eta ordezko hegaldiarenak, 186,23 euroko kalte-ordaina maleta galtzeagatik eta beste 1.400 euroko kalteordaina, “aktoreak urtarrilaren 9tik 12ra Barajasko aireportuan eman zuen denboran izandako baldintzengatik, demandaren xede den konpainiaren aldetik inolako arretarik jaso gabe”.
Kasu hauetan araudiak erabiltzaileak babesten ditu, inongo zalantzarik gabe, baina aireko konpainiak beti saiatzen dira beren erantzukizunari iskin egiten eta, beraz, edozein gorabehera gertatuz gero komeni da kasua profesionalen eskuetan uztea. ERREKLAMATUn kontsulta eta argibideak doakoak dira, eta azkenean zure erreklamazioa kudeatu behar badugu, irabazten badugu baizik ez dugu kobratuko, zuretzat lortzen dugunaren %25, zehazki. Deitu gurera, eta gu arduratuko gara jaso ditzazun zure kalte-ordainak.