Bidaiari bizkaitar batek Lisboa-Bilbo bidaia egiteko txartel bat erreserbatu zuen 2022ko uztailaren 22rako. Hegaldiak 20:10ean zuen abiatzeko ordua, baina bertan behera utzi zuten eta TAP aire-konpainiak beste hegazkin batean eman zion tokia bidaiariari, biharamuneko 7:25ean ateratzeko. Hegaldi horrek, ordea, hiru ordu baino gehiagoko atzerapena izan zuen eta 14:00ak arte ez zen destinora iritsi.
Bidaiari horrek ERREKLAMATUra jo zuen bere hegaldiaren erreklamazioa egiteko, eta, kasua aztertu ondoren, erabaki genuen aire-konpainairi ordain bikoitza eskatzea: 250 euro bertan behera utzitako hegaldiagatik, beste 250 euro beste hegaldiak izandako hiru ordu baino gehiagoko atzerapenagatik, gehi 30,88 euro, kaltetuak taxietan egindako gastuengatik.
Kalte-ordain bikoitz hau eskatzeko bidea Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak ireki zuen zenbait epai direla medio; izan ere, epai horietan ezarri zuen ezen, kaltea bi aldiz gertatzen bada, kontratu berean bada ere, erabiltzaileak ere bi kalte-ordain jaso behar dituela.
Logikoa denez, aire-konpainiek ez dute interpretazio hori aplikatu nahi, eta hala gertatu zen kasu honetan, TAP konpainiak 250 euroko kalte-ordain bat baizik ez baitzuen onartzen, hegaldia bertan behera uzteagatik. Baina ERREKLAMATUk aurkeztutako demanda ebaztean, Bilboko Lehen Auzialdiko 11. epaitegiak arrazoia eman digu eta 530,88 euroko kalte-ordaina ezarri du gure bezeroarentzat, hots, eskatutakoa oso-osorik.
Era berean, aire-konpainiak saiatzen badira ere Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak ezarritako jurisprudentziari ez-ikusiarena egiten, eta bezeroei ordaina ematean hura aplikatzeari uko egiten badiote ere, jurisprudentzia horren babesean lehen auzialdiko epaitegi batek baino gehiagok ebatzi du kalte-ordain bikoitza eman beharra.