Gorabeherarik gabeko oporraldiak izaten lagundu nahi dizugu ERREKLAMATUn. Hori dela eta, gida hau prestatu dugu, 20 aholku erabilgarrirekin, aurtengo udan zure hegaldietan arazorik ez izateko. Jarraibide horiekin, horrelako arazoak izateko aukerak murriztu ahal dituzu, eta hobeto prestatuta egongo zara aurre egiteko, halakorik gertatuz gero. Lasaiago eta seguruago bidaiatuko duzu.
1.- Aldez aurretik erreserbatu
Hegazkin-txartelak behar adina denborarekin erosiz gero, prezio hobeak lortuko dituzu, eta zure asmoetarako hegaldi egokiena aukeratu ahal izango duzu. Hala ere, adi egon: aire-konpainiek joera dute behar baino toki gehiago saltzeko hegaldi batzuetan, eta denborarekin erreserbatzeak ez du eragotziko overbooking-aren biktima izatea.
Aholku praktikoa: saiatu hegaldiak gutxienez ere irteera eguna baino bi edo hiru hilabete lehenago erreserbatzen. Erabili prezio-alertak eskaintzarik onenak monitorizatzeko eta aprobetxatzeko.
2.- Aukeratu aire-konpainia fidagarriak
Aire-konpainia batzuek puntualtasun-errekorrak eta bezeroentzako zerbitzu hobeak dituzte. Ikertu eta aukeratu ospe ona duen aire-konpainia bat, arazoak izateko arriskua gutxitzeko.
Aholku praktikoa: zure hegaldia erreserbatu baino lehen, aire-konpainiei buruzko aipamenak eta puntualtasunari buruzko estatistikak kontsultatu. FlightStats, AirlineRatings eta antzeko web guneak baliagarriak izan daitezke ikerketa horretarako.
3.- Aukeratu hegaldi zuzenak
Eskalak dituzten hegaldietan atzerapenak eta konexio-galerak izateko aukera areagotzen da. Zuzeneko hegaldiak aukeratuz gero, gutxitu egiten dira arrisku horiek, eta murriztu egiten da bidaiaren guztizko denbora.
Aholku praktikoa: zuzeneko hegaldiak garestiagoak izan daitezkeen arren, sarritan merezi du horiek aukeratzea, konplikazio gehigarriak saihesteko. Eskalak egin behar badituzu, ziurtatu hegaldien artean nahikoa denbora dagoela konexioa ez galtzeko.
4.- Saihestu puntako ordutegiak
Aireportuak jendez beteta egoten dira puntako orduetan, eta horrek atzerapenak eragin ditzake aireratzean eta lurreratzean. Hain jendetsuak ez diren orduetako hegaldiak hartuta, esperientzia arinagoa eta estresa txikiagoa izan daitezke.
Aholku praktikoa: goizean-goizeko hegaldiak erreserbatu, atzerapenak gertatzeko arriskua murrizteko. Eguneko lehen hegaldiak puntualagoak izaten dira.
5.- Ezagutu ezeztatze-politikak
Zure aire-konpainiaren politikak -hegaldiak bertan behera uzteko eta birprogramatzeko- ezagutzeak lagunduko dizu ustekabeko aldaketei aurre egiten. Aire-konpainia batzuek diru guztia itzultzea edo doako aldaketak eskaintzen dituzte zenbait egoeratan.
Aholku praktikoa: berrikusi zure aire-konpainiaren politika erreserba egiteko unean, eta kontuan hartu aukera malguak. Gorde aire-konpainiaren bezeroentzako zerbitzuaren harremanetarako zenbakiak, laguntza behar izanez gero eskura izateko.
6.- Kontsultatu ekipaje-politika
Zure hegazkin-konpainiaren ekipaje-politika ezagutzeak lagunduko dizu tarifa gehigarriak eta aireportuko arazoak saihesten. Aire-konpainia batzuek muga zorrotzak dituzte eskuko ekipajearen eta fakturatutakoaren tamainan eta pisuan.
Aholku praktikoa: ekipajea egin aurretik, irakurri arretaz neurrian eta pisuan dauden mugak bai eskuko ekipajerako, bai fakturatu behar duzunerako. Baskula bat erabiliz ziurtatu ez dituzula muga horiek gainditzen.
7.- Harpidetu hegaldi-alertetara
SMS edo posta elektroniko bidezko hegaldi-alertek zure hegaldian gertatzen diren aldaketen berri emango dizute. Horren barruan sartzen dira ontziratzeko atea aldatzea, hegaldia atzeratzea eta bertan behera uztea.
Aholku praktikoa: eman izena zure hegazkin-konpainiaren webgunean, zure hegaldiaren egoerari buruzko jakinarazpen automatikoak jasotzeko. Hainbat aplikazio erabili ahal dituzu, hala nola FlightAware, denbora errealean hegaldien jarraipena egiteko.
8.- Kontratatu bidaia-aseguru bat
Bidaia-aseguru on batek estaliko ditu, besteak beste, hegaldiak bertan behera uztea, atzeratzea eta ekipajea galtzea. Halaber, osasun-estaldura eta larrialdietarako laguntza ere eskaini ahal dizkizu.
Aholku praktikoa: aztertu bidaia-aseguruen aukerak, eta hautatu zure behar espezifikoetara egokitzen den bat. Irakurri arretaz baldintzak, eta baztertu interesatzen ez zaizkizun klausulak. Kontratatu asegurua zure hegaldiak erreserbatu eta berehala.
9.- Egiaztatu bidaia-dokumentuak
Ziurtatu zure pasaportea, visa eta beharrezkoak diren beste dokumentu batzuk egunean daudela eta bisitatuko duzun herrialderako balio dutela. Herrialde batzuetan, pasaporteak gutxienez sei hilabeteko indarraldia izan behar du, sarrera-datatik kontatzen hasita.
Aholku praktikoa: helmugako herrialdean sartzeko baldintzak behar adina denborarekin egiaztatu eta, beharrezkoa izanez gero, dokumentuak berritu. Eraman zure dokumentu garrantzitsuen kopiak, inprimatuak zein digitalak.
10.- Ezagutu zure eskubideak
Ezagutu aire-bidaiari gisa dituzun eskubideak, batez ere, hegaldiak bertan behera utzi eta atzeratzen direnean eta overbooking-ak gertatzen direnean babesten zaituen Europako araudian jasota daudenak. Zure eskubideak ezagutzeak lagunduko dizu konpentsazioak eta laguntza eskatzen hala behar denean.
Aholku praktikoa: kontsultatu Europako araudia (261/2004 EE Erregelamendua) eta zure aire-konpainiaren konpentsazio-politika. Era berean, bidaiarien eskubideei buruzko informazio guztia duzu ERREKLAMATUren web orrian.
11.- Kontsultatu hegaldiaren egoera
Bidaiaren aurreko egunean, eta aireportura joan aurretik, egiaztatu zure hegaldiaren egoera, azken orduko aldaketarik ez dagoela ziurtatzeko. Hegazkin-konpainiek eta aireportuek online tresnak dituzte hegaldien egoera egiaztatzeko.
Aholku praktikoa: aire-konpainiaren edo aireportuaren aplikazio mugikorrak erabili denbora errealeko eguneratzeak lortzeko. Halaber, SMS edo posta elektroniko bidezko hegaldi-alertetan harpidetza egin dezakezu. Begiratu posta maiz, aire-konpainiak aldaketaren bat jakinarazi dizun egiaztatzeko.
12.- Garaiz iritsi aireportura
Garaiz iristen bazara, edozein ezustekori aurre egin ahal izango diozu, hala nola segurtasun-kontroleko ilara luzeei edo check-in-eko arazoei. Gainera, fakturazioa eta check-in-a garaiz egiten badituzu, overbooking-ik ez duzu izango.
Aholku praktikoa: hegaldi nazionaletarako, aireportura gutxienez bi ordu lehenago ailegatu. Nazioarteko hegaldietarako, hiru ordu lehenago ailegatu. Eta denbora gehiago jaiegunetan edo asteburuetan.
13.-Check-in-a online egin
Check-in-a online egiteak aukera ematen dizu zure eserlekua aldez aurretik hautatzeko, eta aireportuan ilara luzeak saihesteko. Gainera, overbooking-aren biktima izateko aukeratik babesten zaitu.
Aholku praktikoa: check-in-a online egin zure hegaldia baino 24 ordu lehenago, eta gorde zure hegazkin-txartela telefono mugikorrean. Kopia gehigarri bat inprimatu kopia gisa.
14.- Bidaiatu eskuko ekipajearekin
Eskuko ekipajea bakarrik eramanez gero denbora aurreztuko duzu, eta zure maletak galdu edo atzeratzeko arriskua gutxiago dago. Gainera, fakturatutako ekipajearen tarifa gehigarriak saihesten dituzu.
Aholku praktikoa: ekipaje arina eraman eta ziurtatu zure aire-konpainiak tamainan eta pisuan ezarrita dituen mugak betetzen dituzula. Erabili motxila edo maleta txiki bat, eserlekuaren goiko edo azpiko konpartimentuan sar daitekeena.
15.- Etiketatu behar bezala ekipajea
Maletak eta motxilak behar bezala etiketatzeak, zurekin kontaktatzeko informazioarekin, erraztu egiten du ekipajea berreskuratzea, galtzen bada. Kanpoko etiketa bat eta barneko identifikazio-txartel bat eraman.
Aholku praktikoa: erabili etiketa iraunkorrak eta ziurtatu zure izena, telefono-zenbakia eta helbide elektronikoa dituztela. Aldi baterako helbide bat ere gehitzeko aukera kontuan hartu, leku batean baino gehiagotan egon behar baduzu.
16.- Prest egon segurtasun-kontrolerako
Segurtasun-kontroleko arauak betez gero prozesua bizkortu daiteke eta atzerapenak saihestu. Horretarako, poltsa gardenetan sartuta eraman likidoak, eta gailu elektronikoak erraz eskuratzeko moduan eduki.
Aholku praktikoa: gehienez 100 ml-ko ontzietan sartuta eraman likidoak, eta ontziak likidoak poltsa garden baten barruan, eta eskura eduki zure ordenagailu eramangarria eta gainerako gailu elektronikoak. Erraz kentzeko moduko oinetakoak erabili, eta ez eraman objektu debekaturik.
17.- Arazorik egonez gero, lasai egon
Zure hegaldian gorabeherarik izanez gero, garrantzitsua da lasai egotea eta egoerari zentzuz heltzea. Estresak arazoak modu eraginkorrean konpontzea zaildu dezake.
Aholku praktikoa: jarri harremanetan aire-konpainiako edo aireportuko langileekin errespetuz, eta eskatu laguntza arazoa konpontzeko. Erlaxazio-teknikak erabili, hala nola arnasketa sakona, lasai egoteko.
18.- Gorde egiaztagiriak
Gorde hegaldia atzeratu edo bertan behera uzteagatik sortutako gastu gehigarrien ordainagiri eta egiaztagiri guztiak, erreklamazio bat aurkezteko beharrezkoak izango baitira. Horren barruan sartzen dira janari-, ostatu- eta garraio-gastuak.
Aholku praktikoa: gorde dokumentu guztiak zure bidaiarako berariazko karpeta batean, bai formatu fisikoan, bai digitalean. Erabili eskaneatzeko aplikazio bat zure ordainagiri guztien kopia digitalak izateko.
19.- Kanpoko bateria bat eraman
Funtsezkoa da zure gailu elektronikoak kargatuta edukitzea, informazioa eta entretenimendua izan dezazun bidaian zehar. Gainera, maite dituzunekin harremanetan egoteko eta zure hegaldiari buruzko eguneratzeak jasotzeko aukera emango dizu.
Aholku praktikoa: eraman erabat kargatutako kanpoko bateria bat, zure gailuak bateriarik gabe geratzen ez direla ziurtatzeko. Eguzki-kargagailua ere eraman dezakezu, elektrizitaterako sarbide mugatua duten lekuetara bazoaz.
20.- Jarri harremanetan ERREKLAMATUrekin
Zure hegaldian gorabeherarik izanez gero, zure erreklamazioak aurkezten eta kudeatzen laguntzeko prest daude ERREKLAMATUko abokatuak. Aholkularitza profesionala izateak bidezko konpentsazioak eta ebazpenak lortzen lagunduko dizu.
Aholku praktikoa: Gorde gure harremanetarako zenbakiak (944 027 596 – 688 651 944) eta deitu lasai, bidaiari gisa dituzun eskubideekin laguntza behar baduzu. Gure web orria ere bisitatu dezakezu, nola lagundu dezakegun jakiteko.
Aholku hauei jarraituz gero, hobeto prestatuta egongo zara edozein ezustekori aurre egiteko eta bidaia seguruago eta lasaiago batez gozatzeko. Bidaia ona eta uda zoriontsua izan!