ERREKLAMATUren irudi korporatibo berria aurkezten dizuegu, gure lanaren definizio berriarekin batera. Izan ere, orain ez gara (bakarrik) hegaldien erreklamazio zerbitzu bat, orain zerbitzu integrala eskaintzen dugu, gure bezeroek edozein erreklamazio tramitatu ahal izateko.
Dudarik gabe, hegaldien erreklamazioak izango dira gerora ere gure lanaren zati nagusia, arlo horretako espezialistak garelako eta urtero ehunka pertsonak guregana jotzen duelako kalte-ordaina lortzeko asmoz. Baina orain beste erreklamazio batzuk ere bideratzeko aukera eskaini ahal diegu gure bezeroei: bankukoak –hipoteka gastuak, irekitzeko komisioa, zoru-klausulak, revolving txartelak…–, aseguru-etxeenak, diru-kopuruenak, lan istripuetakoak, trafiko istripuetakoak, zabarkeria medikoenak, kalte-galerenak, administrazioari edo hirugarrenei egin beharrekoak, jabetza horizontalekoak, erantzukizun zibilekoak…
Horrez gain, zuzenbidearen gainerako adarrak ere –zuzenbide zibila, familia-zuzenbidea, zigor zuzenbidea, merkataritza zuzenbidea, zuzenbide administratiboa, lan zuzenbidea, giza eskubideak, Europako auzitegiak…– gure jatorriko markan lantzen ditugu: HIRU ABOKATUAK.
Irudi korporatibo berria
Orain aurkezten dizuegun irudi korporatibo berriarekin, ERREKLAMATUk definizio berria du, erreklamazioetarako zerbitzu integral bat baita, eta etorkizunari begira online alderdiari garrantzia emango dio. Iruñeko Funtsak komunikazio agentziak egin ditu lan horiek, baita gure web orriaren diseinu berria ere.
ERREKLAMATUren sinbolo berria atzeraka doan gezi bat da, eta ezin hobeki adierazten du gure zerbitzuaren helburua: kalte bat konpontzeko eskatzea eta gure bezeroentzat kalte-ordaina edo haien diruaren itzulketa lortzea. Izan ere, gure zeregina da lortzea entitate batek akatsa zuzentzea eta atzera egitea, eta, gainera, azkar eta erraz betetzen dugu, Internet eta teknologia berriak gero eta nagusiago diren ekosistema batean. Hortaz, gezi hori Intro tekla ere bada, ordenagailuarena edo telefono mugikorrarena, hau da, gurekin harremanetan jartzeko eta beren erreklamazioa kudeatzeko gure bezeroek baliatzen dituzten tresnetan dagoena.
Geziaren sinboloaren ondoan, irudi korporatibo berrian gure nortasunaren definizio berria adierazten duen tagline-a dago: Erreklamazioetarako abokatu bulegoa. Eta lehengo markari, RKLAMATUri, falta zitzaizkion hiru letrak gehitu dizkiogu, nahasbiderik eta errepikapenik gerta ez dadin. Azkenik, marra soil batzuekin egindako hiru ikonok adierazi dituzte gure lanaren arloak: hegaldien erreklamazioak, bankuetako erreklamazioak eta kalteen erreklamazioak.
Nagusiki urdin kolorekoa da gure nortasun korporatiboa orain ere, eta ukitu berdeek modernitatea erantsi eta multzo osoa bisualki indartzen dute.
Irudi korporatiboa ez ezik web orri berria ere badugu: aurrekoa baina askoz osatuago dagoen tresna bat da, argiagoa, sinpleagoa eta erabilgarriagoa, eta ERREKLAMATUren identitate berria eta gure bezeroei eskaintzen dizkiegun zerbitzu guztiak biltzen ditu.